single

“EZ DAGO ZUZENEKO MUSIKA BEZALAKORIK”

0

Jorge Pardo. Rueda de prensa_Prentsaurrekoa003©lolo vasco_55 Jazzaldia

 

Zuzeneko musika bezalakorik ez dago, eta bizi garen garai arraro hauetan are gehiago estimatzen da hori. Horregatik ari gara are gehiago gozatzen, horregatik ari gara kontzertuetan ematen diren une paregabe horiei garrantzi handiagoa ematen, horregatik ari da maskararen lubakietatik publikoa kontzertuetara gogotsu joaten, horregatik egiten dugu, azken batean, Jazzaldia.

Hala eta guztiz ere, eta jakinda jende askok ezin duela kontzertuetara joan hainbat arrazoirengatik, streaming bidezko kontzertuak eskaini genituen berriro, eta jende askok ikusi eta eskertu zituen, beren etxeetatik edo Live Jazzaldira konektatuta zeuden lekutik.

Zuzeneko musikari Paul San Martínekin ekin genion San Telmo Museoko klaustroan, sarrera guztiak salduta. Entzuleek blues, boogie woogie, Jazz eta boleroren bat ere interpretatu zituen musikari donostiarraren maisutasunaz gozatu zuten. Paulek saio paregabea eskaini zuen, New Orleanseko musika betierekoarekiko maitasuna argi utziz, bere lurraldera ekarriz eta berrinterpretatuz. Kontzertua pianoari bere ahots propioa gehituz amaitu zuen, jada emana zegoen publikoa erabat konkistatuz.

Salvador Sobralek, hiru musikari bikainek lagunduta, Kursaal Auditorioan hasi zuen bere kontzertua, Rafael Hernández Marínek idatzitako Silencio bolero zoragarriaren bertsio ederrarekin. Sobralek sinpatia, adeitasuna eta umorea erakutsi zituen nonahi, euskaraz hitz egin zuen, pasadizoak kontatu zituen, eta inoiz baino gehiago eskertu nahi izan zion publikoari bertaratu izana, egoera berezi honetan. Entzuleak musikarien kalitatearen eta  Sobralen etorriaren, ahots sinestezinaren eta trebeziaren aurrean errenditu ziren eta une paregabe mordoa eraman zuten etxera.

Terrazek une lasaiak eskaintzen jarraitu zuten. Zuzeneko musikaz eroso gozatzeko aukera,  hondartzaren ondoan zerbait hartuz. Sekulako plana. Atzo Connection Duo, Around Midnight, Sean Clapis Duo eta Randy Greer Trio ikusteko aukera izan genuen.

Txikijazzek Tabakalerako bigarren kontzertuarekin jarraitu zuen, eta Los Juanesek Kutxa Kultur terrazara hurbildu ziren familiak gozarazi zituen.

Victoria Eugenia Antzokia berriro bete zen arratsaldean Chicuelo gitarran eta Marco Mezquida pianoan ikusteko, Paco de Modek perkusioan lagunduta. Kontzertua Chicuelorem Romescorekin hasi zen, eta Mezquidaren Menorcarekin jarraitu zuen. Halako hasierarekin azkar asko jakin genuen kontzertu handi baten aurrean geundela eta sasoi betean dauden hiru musikariek onena emango zutela. Halaxe izan zen, Jazz bikaina oparitu ziguten ordu eta erdi pasaz, Mediterraneoa zainetan. Antzerkia zutik zegoela eta zenbait minutuko txalo zaparrada batekin amaitu zen. Azkenburuko gisa, hirukotearen lehen diskoko Al sol eskaini zuten. Eta horixe opatu zigun Chicuelok , “Eguzkia atera dadila denontzat”, aire flamenko fresko eta argitsua duen Jazz horrekin.

Marco Mezquida puntaren puntan dabil eta berriz ikusteko aukera izango dugu gaur Sílvia Perez Cruzekin Kursaalen 18: 00etan eskainiko duen kontzertuan.  Zoragarria izango da, zalantzarik gabe.

Eguna amaitzeko, saio bikoitza izan genuen Trinitate plazan. Perico Sambeat saxofoi jotzaile handiak, zazpi musikari valentziar lagun zituela, Frank Zapparen zoramen bikainean murgildu gintuen, iparramerikarraren errepertorio bikaina jazz-lurraldeetara eramanez, bere esentziaren izpirik galdu gabe. Sambeatek aitortu zuen Jazza gustatu baino lehen ere, 12 urte besterik ez zituela, Zapparen musika atsegin zuela, eta hori kontzertu osoan nabaritu zen. Frank Zapparen musikarekiko maitasun eta energia erakustaldi bikaina izan zen.

Eszenatoki aldaketarako –baita hasierako zaparradatik errekuperatzeko ere–  beharrezko etenaldiaren ondoren, Benavent, di Geraldo eta Pardoren kontzertua hasi zen. Carles Benavent bezalako baxu-jotzaile batekin, Tino di Geraldorena bezalako perkusio batekin eta Jorge Pardorena moduko beste galaxia bateko flauta eta saxo batekin, ezin da ezer gaizki atera. Baina, gainera, ezohikoak diren zuzenekoaren une zoragarri horietako bat gertatzen bada, maila goreneko musikariek bikain elkar ulertzen badute eta inspirazioa edota hobe esanda “duendea” festara batzen bada, une bakar, sutsu eta ahaztezina bihurtzen da. Atzo, egundoko emankizuna eskaini zuen Pardok berak ezin hobeto adierazi zuenez,  “Ez dago zuzeneko musika bezalakorik”.