single

IGGY POP ABESLARI MITIKOA 57. JAZZALDIAREN PROGRAMAZIOAN, TRINITATE PLAZARAKO ETA KURSAAL AUDITORIORAKO SARRERAK SALGAI

0

Iggy Pop

Donostiako Jazzaldiaren datorren edizioak, 57.ak, luxuzko programazio bat aurkeztuko du. Trinitate Plazan eta Kursaal Auditorioan izango diren emanaldien berri ematen dugu oraingoan. Gainerako agertokietako programazioa geratzen da iragartzeko, baina orain ezagutzera ematen duguna, berealdikoa da jada, gure artean izango baititugu Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Gregory Porter, Amina Claudine Myers, Hiromi, Yann Tiersen, Kurt Elling, Calexico, Steve Coleman, Louis Cole, Lakecia Benjamin eta Miho Hazama.

Kursaal Auditorioan bost emanaldi iragartzen dira, guztiak 18:30ean, uztailaren 21etik 25era. Lehenak Calexico izango du protagonista. Arizonako taldeak AEBetako hegoaldeko musika-tradizioaren eta Mexikoko musikaren distira eta sentimenduaren arteko fusio autentikoena egiten du.

Oraingo Jazzaren bokalista handienetako bat, ahots zoragarria eta melodiarako aparteko sena duena, Gregory Porter da, eta bera izango da Kursaalen bigarren egunean arituko dena.

Hurrengo egunean, uztailaren 23an, espero ez zena: Iggy Pop. Punkaren Godfather mitikoak —nork imajinatuko zein eta bera auditorio batean— gure Kursaalen eskainiko du emanaldi bat, Europako hainbat hiritatik esparru itxietan egingo duen biraren barruan.

Yann Tiersenek urte batzuk dihardu gogoa bilduta bere jaioterriaren ezaugarriak musikaren bidez deskribatzen: Finisterre bretoia, bere paisaia ilaun eta bere uharte enigmatikoekin. Hala, uztailaren 24an, bere artearen edertasun sakonarekin gozatzeko aukera izango dugu.

Herbie Hancock, zalantzarik gabe, musikari legendario bat da, Jazzaren garai loriatsu baten ordezkaria; izan ere, Miles Davisen laguntzaile izan zen bere talde gailenetako batean baino gehiagotan, eta ordutik gaurdaino ez du ez galdu gaurkotasun izpirik; meritu handia, benetan. Hala, berak emango die azkena Kursaaleko emanaldiei, uztailaren 25ean.

Trinitate plazak, eserleku zenbakituekin, lau emanaldi bikoitz eskainiko ditu, bakoitza bi kontzerturekin, uztailaren 22tik 25era; guztiak 21:00etan izango dira.

Bi emakume japoniar, Miho Hazama harrigarria eta Hiromi zoragarria, protagonista dituen emanaldi batekin hasiko gara. Hazamak bere lan berrienak aurkeztuko dizkigu Musikene Summer Big Band taldea zuzenduz, Goi-mailako Kontserbatorioko ikasle eta ikasle ohi bikainenetako batzuek osatutako banda. Hiromi pianista handia izango da jardunaldiaren izarra, bere oraingo boskotearekin; haiekin interpretatuko ditu bere konposizioak, lau hari-instrumentuk lagunduta: biolina, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua.

Trinitate plazako bigarren jardunaldia, uztailaren 23koa, emanaldi heterogeneo bat izango da, bi artista sutsu eta berezi izango dituena. Lehena, Steve Coleman saxofonista, berdinik ez duen bere proposamen txundigarriarekin; maisutasun erritmiko eta harmonikoaren erakustaldi paregabe batekin entzulea erakartzen duten instrumentisten tradizio baten jarraitzailea, musika-pieza bakoitza epopeia baten antzera bizi dutenen haiena, alegia. Bere ondoren, estilo zeharo desberdin bat aurkezten duen musikari bat, Louis Cole nabarmena, paregabea eta geldiezina; jatorriz bateria jotzailea bada ere, eszenatokian abestu, eta teklatuak zein baxua jotzen ditu. Inor axolagabe utziko ez duen emanaldi batekin itxiko du Louis Colek Trinitateko bigarren saio hori.

Amina Claudine Myers AACMeko kide izan da; musikari sortzaileen aurrerabiderako elkartea, Chicagon sortua, baina Harlemen bere urte, kontzertu eta lorpenik handienak bizi izan zituena. Bluesy-a, afrikarra, abangoardista, Jazzaren historia hutsa da bere pianoa. Uztailaren 24an, 1950eko hamarkadako gospel beltzari egindako omenaldi bat aurkeztuko digu, aipatutako elkarteko ordezkari gailenetako batzuen alabek lagunduta. Haien ondoren, Kurt Elling, gustukoen artean dugun beste Jazz bokalista bat, bere SuperBlue proiektuarekin, Charlie Hunter gitarrista laguntzaile duela, Funkera ahal duten gehien hurbiltzen.

Azkeneko egunean, uztailaren 25ean, Trinitate plazan, emakumezko Jazzaren beste bi ordezkari handi. Lakecia Benjamin saxofonista oldartsuarekin hasiko gara, zeinak omenaldi sentitu bat egingo dion Coltrane senar-emazteak, Johnek eta Alicek, konposatutako musikari. Eta 57 Jazzaldia ixteko, Jazz bokalaren dama handia, Diana Krall, gure Jazzaldian, 1997an lehen aldiz etorri zenetik, hain kontzertu harrigarriak eta ahaztezinak eskaini izan dizkiguna.

Datozen hilabeteetan jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokirako sarrerak ere. Bertan egingo dira JazzEñeren emanaldiak data horietan bertan, goizez. Eta egoera sanitarioak Jazzaldiaren bideragarritasuna bermatu bezain laster, dohainik diren agertoki desberdinetako programazioak iragarriko dira, horien artean, Keler agertokikoa, Zurriola hondartzan.

57 Jazzaldiko esparru desberdinek kerik gabeko guneak izaten jarraituko dute, eta horietan zorrotz jarraituko dira kontzertuak emateko unean indarrean dauden araudi sanitarioak.

EGITARAUA PDF