single

Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis Kurt Elling-ekin, Brad Mehldau John Scofield eta Mark Guiliana-rekin, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot and The Young Philadelphians, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott, berretsitako lehen izarrak 51. Heineken Jazzaldirako

0

Marc-Ribot-Young-Philadelphians-c-Hiroki_Nishioka

51. Heineken Jazzaldia –hurrengo uztailaren 20tik 25era ospatuko da Donostian– jazzaren esparru guztietako izar dirdaitsuz osatutako egitarau paregabea ari da osatzen eta berretsi dezake jada ondorengo artista hauen presentzia: Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis Kurt Elling-ekin, Brad Mehldau John Scofield eta Mark Guiliana-rekin, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot and The Young Philadelphians, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott.

Jazzaldiaren programa osoa otsailaren azken aldera iragarriko da eta orduan jarriko dira sarrerak salgai.

Diana Krall gaur egungo jazzeko abeslaririk erakargarriena dugu eta Donostiara dator berriro, non oraindik ikus-entzuleen oroimenean baitaude haren aurreko emanaldi gogoangarriak. Laukote baten buruan datorkigu oraingoan.

Gloria Gaynor disko-musika deituaren erregina ukaezina da, baina esparru hori txiki geratu zaio eta musika beltzaren mito bizietako bat bilakatu da. Gloriaren I Will Survive egiazko himno bilakatu da belaunaldi bat baino gehiagorentzat. Haren ahots zoragarriak eta agertokiko erritmo itsaskorrak tatxarik gabe diraute.

Branford Marsalis egungo jazzeko saxo tenor printzipaletakoa dugu eta gonbidatu berezi bat aurkeztuko du bere laukotearekin batera: Kurt Elling abeslaria, baritono oraindik gaztea, baina dagoeneko jazz estandarreko ahots handien tradizioaren parte bilakatu dena.

John Scofield gitarrista handiaren grooveak bat egingo du Brad Mehldau piano jotzailearen musikaltasun apartarekin, atzetik Mark Guilianaren erritmo indartsua dutela. Guiliana jazzeko bateriaren berritzaile handietako bat da eta David Bowie zendu berriaren azken diskoan –Blackstar– parte hartzen duelako egin da ezagun.

Jan Garbarek iparraldeko jazzaren zutabeetako bat da, ez da alferrik jazzeko izen handien –Keith Jarrett, adibidez– lankide eta inspiratzaile izan. Trilok Gurtu laukotean duela, Donostiara datorkigu bere artearen handitasuna erakustera.

Steve Coleman saxo altuaren jeinu bat da. Korronte berri bat sortu du abangoardiako jazzaren barruan eta esan behar da Jazzaldiak hasieratik jarraitu duela hurbiletik haren ibilbide distiratsua. Five Elements taldearen edizio berri batekin dator heldutasun artistiko bete-betean.

Gitarrak eman duen talenturik handienetakoa dugu Marc Ribot, modernoa eta aurreratua bere garairako. Proiektu ikusgarrien lider izan da, horien artean Phylly Soul –Filadelfiako soinua– delakoaren birsorkuntza hau, zeinaz gozatzeko aukera izan baitzuten donostiarrek duela ez asko Kursaalen emandako kontzertuan. Berarekin dakartza Jamaaladeen Tacuma eta Calvin Weston, bi musikari filadelfiar, Ornette Colemanen Prime Time Band taldean jo zutenak.

Ibrahim Maalouf europar jazzeko izar berrietako bat da. Libanoar jatorriko frantses tronpeta-jotzaile hau jazzaren, arabiar musikaren eta musika garaikidearen eraginpean hezitako instrumentista bikainenen artean kokatzen da.

Christian Scott ere tronpetaria dugu, baina honek New Orleanseko jazzaren iturrietatik edan ostean –ez da alferrik han jaioa–, bere estilo propioa garatu du, harrotasun ukitu batekin, amerikar jazzeko joera berrien aitzindari izateko arriskua bere gain harturik.