single

Roskow artista plastikoa da 52. Heineken Jazzaldiko kartelaren egilea

0

Cartel 52 Heineken Jazzaldia

Donostian hurrengo uztailaren 20tik 25era ospatuko den 52. Heineken Jazzaldiak badu kartela. Roskow artista plastikoaren (Fernando Huarteren goitizena) obra da, zeinak margolan batean islatu baitu Jazzaldiaren agertoki historikoena, Trinitate plaza, ilunabarreko ordu magiko horretan.

Aurtengo kartela egiteko, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak zenbait artista plastikoren arteko lehiaketa mugatu bat deitzea erabaki du, garai batean egiten zen bezala, azken urteotan indarrean egon den lehiaketa publiko eta irekiaren aukera alde batera utzirik.

Aurkeztu diren lanetatik, antolakuntzak Roskowrena hautatu du, irizten baitio, obraren kalitate artistikoaz gainera, oso ongi irudikatzen duela Jazzaldiaren espiritua eta Trinitate plazako giroa.

Roskow
Fernando Huarte Campion (Donostia, 1963)

Eskultura ikasketak egin zituen 1980ko hamarraldian Donostiako, Sevillako eta Madrilgo La Palmako Arte Aplikatuen eskoletan. Haren obraren parte handiena, hala ere, margolanak dira, grabatuak eta ilustrazioak, disko eta liburuen azaletan eta kartelen diseinuan ere lan egin duen arren.

Urnietako Arte Grafikoen Eskolan aurre-inprimaketa analogiko eta digitaleko teknikak ikasten ari zela, bere lehen artelanak gauzatzen hasi zen, teknika muraletan eta dekorazio-eskulturan oinarrituta, hainbat tokitarako: Sopitos mexikar jatetxeen katea (Donostian eta Iruñean), Oialume dantzalekua edota Iguana taberna. Parte Zaharreko espazio horretan oraindik ikus daitezke haren horma-irudiak, erliebeak eta eskulturak, 1990eko hamarraldiaren amaiera aldera Artelekun eginak. Ordutik hona hainbat erakusketa egin ditu Donostian, bakarka edota kolektiboen barruan (E.X.P., adibidez), eta kolaboratzaile izan da Bulebarreko Arte Azokan.

Roskowren margolanak eta grabatuak, formalki, ilustrazioan, komikian, punkaren ikonografian eta 1980 eta 1990etako olatu berrian inspiratuak daude, baina baditu beste pasio batzuk ere: Erdi Aroa, Erromanikoa, pintura gotikoa, eskola flamenkoa edota XX. mendeko abangoardien margolanak. Hala ere, artistaren inspirazio-iturri agorrezina Donostia bera da. “Emateko asko daukan hiri bat da”, artistak dioen bezala: “Gustukoa dut Donostia pintatzea, bere arkitektura, batez ere. Denbora asko eman dut marrazten ikasten, lauki egokia aurkitzen, eta argiak eta itzalak dagokien tokian kokatzen. Orain desmarrazten saiatzen naiz, metodo guztia suntsitzen, horregatik, Donostiako paisaia urbano bati ekiten diodanean, lerro guztiak bihurrikatzen ditut, balkoiak, leihoak, erlaitzak, teilatuak… Erronka izaten da irudikatutakoa ezagutu dadila”.

Umore-sena beti hor izaten da haren lanetan: “Nik gauzak kontatzen ditut, neure erara eta pretentsiorik gabe. Emozioak sortu nahi izaten ditut, besterik ez, jostarazi, estimulatu, pentsarazi…”.

2012an Donostias imposibles aurkeztu zuen. Margolan serie horretan, artistak Donostiako espazio, fatxada eta eraikin jakin batzuetatik abiatuta, asmatutako hainbat hiri bertikal islatzen ditu, erabili ohi dituen teknika guztiak konbinatuz: urre-xaflak, akrilikoa, collagea eta teknika digitalak (inprimaketa, scanninga…).

2015ean, formatu handiko bere azken lanetako bat gauzatu zuen, Elucubración Donostia 2016 (200x800cm), EHUko Arkitektura Fakultatearekin, Luis Zabala eskultore eta poetarekin, Julieta Metralleta margolariarekin eta Juan J. Areizaga arkitekto eta pintorearekin elkarlanean.

Une honetan, airetik ikusitako hainbat paisaia urbanotan ari da lanean, hala nola, joan zen urrian Kutxa Kultur espazioko tailerrean gauzatu zuen formatu handiko (330x180cm) margolan panoramikoan, Donostiako Bulebarra irudikatzen duena. Lan hori eta egin berri dituen beste batzuk Arteko galerian ikus daitezke gaur egun, 2017 Donostiako ikuspegiak erakusketa kolektiboaren barruan.

Roskowk lan berriak prestatzen jarraitzen du Egiako bere pintura eta grabatuko tailerrean, eta serigrafiako tailer txiki bat eraikitzen ari da Eli Azurmendi eta Miryam Gesalaga artistekin batera.

Bere aktibitate plastikoekin paraleloan, pop estilo markatuko abestiak konposatzen eta interpretatzen ditu 1980ko hamarraldian hasi zenetik, lehenik Los Elásticos taldearekin, gero etorriko ziren Los Rígidos, Mentes ofuscadas, No me ladres, eta orain Los Hormigones, edo bakarka bestela, Barón Roskow izenarekin.

www.roskow.com (artista gisa)

www.loshormigones.com (musikari gisa)

By Roskow

KARTELAREN INSPIRAZIOA
2017ko Heineken Jazzaldiaren kartela Trinitate plazaren gaueko ikuspegi panoramiko bat da, goiko harmailetako ikusle baten ikuspuntutik: “Ikusle hori neroni naiz, duela urte batzuk, Brecker anaien kontzertua ikusten nengoela (2001eko uztailak 24, 36, Jazzaldia), jazzaldi-gau bikain batean. Ordutik hona, beti sentitu dut momentu hura koadro batean islatzeko premia eta, dudarik gabe, hauxe izan da horretarako aukerarik onena. Lehendik ere zerbait egina naiz arlo honetan, berriena, nire La Oca donostiarra obrako laukietako bat. Beste batean, Beltza Records-ek NO taldeari argitaratutako diskoaren azalerako erretratatu nuen Trinitate plaza. Oraingoaren antzeko irudia zen, baina 1980etako punkyz betea, eta diskoaren ifrentzuan enparantza bera ageri zen hurrengo egunean, goizez, hantxe bainintzen ni ere”.

TRINITATE PLAZA
“Abuztuaren 31 kalean, Triniaren ondoan jaio eta hazitakoa izanik, haren erretratua egitea nire arrebarena egitea bezalatsu da. Umetan haren txoko guztietan jostatu naiz, egunez eta gauez jokatu dut pilotan hango frontoian, enparantzako harmailetan erre nituen nire lehen zigarretak, han maitemindu naiz, Elkarte Artistiko zoragarrian marraztu dut, artean existitzen zenean. Ikasi nuen ingurune arkitektoniko paregabea

Peña Gantxegiri zor diogula eta sufritu ditut duela gutxi jasan dituen mutilazio lazgarriak ere”.

JAZZA
“Musikari gisa, iristen zaila zaidan goi mailako gradutzat daukat jazza. Bitxia bada ere, hamar urte nituenetik entzun dut, etxetik irten gabe, nire gelak Santa Kordara ematen baitzuen, Trinitik oso hurbil, atzeko aldetik. Dena entzuten zen, sarrera ordaindu beharrik gabe.

Aitortzen dut ez dela nik lantzen dudan estiloa, baina ikaragarri interesatzen zait, batez ere pop musikan sarraldiak egiten dituenean.

Ohore handia da niretzat, noizean behin, Beltza Records nire lagun minaren musika-unibertso agorrezineko saio luze eta esklusiboetan parte hartzea, non, batzuetan, jazza agertu ohi den. Los Hormigones nire taldearekin ere egiten ditugu gure saiotxoak, inprobisatzeko joera handia baitugu. Eremu honetan, nolanahi ere, jazz korear bezala ezaguna denera baizik ezin izan gara hurbildu”.