single

Dantza gailendu zen eguna

0

Macy Gray c Lolo Vasco_52 Heineken Jazzaldia_900 x

Atzo dantzan jarri zen Trinitate Plaza. Ohikoa baino gazteagoa zen bertako entzuleria eta gorputza astintzeko gogoz etorri zen. New Yorkeko musikari gazte koadrilla da Lucky Chops eta haizezko lau instrumentu eta bateria joz sekulako festa sortzen dute. Halaxe izan zen atzo ere, lehen kantuan plaza dantzan zen. Eta azkena heldu zenerako plazatik kanpo ere bazen gorputza mugitzen zuenik. Macy Grayk bukaerarako gorde zuen dantzarako gogoa. Hasieran soul emanaldi bikaina eskaini zuen eta bukaeran Lucky Chopsekoak batu zitzaizkion eta denak jarri zituen dantzan.
Herbie Hancock bere dizipulu gazteen menera jarri zen. Berak bidea markatu beharrean, Terrace Martin moduko musikarien zidorrari segitu dio oraingoan. Hanckockek badaki jazzari asko eman diola eta orain belaunaldi berriari jarri behar zaiola arreta. Hautu interesgarria oso. 77 urte ditu eta atzo Kursaal Auditorioan emandako kontzertuan dizipulu gazteekin ederki moldatzen zela argi utzi zuen.
Kursaaleko terrazetan ere beste jazz musikari handi bat izan genuen: jazzaren esentzia barneratu eta bizi filosofia bilakatu duen Ernie Watts. Saxofoiaren maisuak hiru kontzertu eskaini ditu Heineken Jazzaldian, hiru eskola magistral.
Terrazetako kontzertu gehienak bertako taldeek eman zituzten, Euskal Herriko edo Musikene Euskal Herriko Musika Ikastegian ikasitako musikariek osatutako taldeek. Harrera paregabea izan zuten. Euskal jazzak izan duen bilakaeraren isla da, duela urte batzuk jaialdiak arazoak zituen euskal jazz bandak topatzeko, gutxi baitzeuden. Orain asko daude eta oso onak, programatzaileen gozamenerako.
Victoria Eugenia Antzokian hartu genuen azkenburuko gozoa. Antzinako musika-tresnak erabiliz, Erdi Aroko musika eta abangoardiako jazz uztartzen ditu Arfolia Libra talde frantses bereziak.
Agertoki Berdeak oso proposamen desberdinak hartu zituen: King Creosote eskoziarra eta euren burua kanadartzat duten talde estatubatuarra: of Montreal.