single

53. HEINEKEN JAZZALDIAK EUSKAL JAZZAREN ALDEKO APUSTUA BERRETSIKO DU

0
Gregario de Luxe 2016
  • Berriz ere hautaketa prozesuan gailentzen diren tokiko hamar talde eta azken urtean diskoa plazaratutako beste bost sartuko ditu egitarauan
  • Jaialdia 2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo da

53. Heineken Jazzaldiak azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsi du, 2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo den jaialdian parte hartzeko hainbat bide eskainita.

Hain zuzen ere, Heineken Jazzaldiko egitarauko 10 kontzertu hautaketa prozesu baten bidez sailkatutako hamar taldek eskainiko dituzte. Aipatutako hautatze-prozesuari sostengu berezia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, prozesu horren bitartez, Heineken Jazzaldiak parte hartzen du Katapulta plataforman, zeinaren xedeak honako hauek diren: Gipuzkoako talentu gazteei bultzada bat ematea musikaren eta arte eszenikoen eremuan, eta gure lurraldeko eszena-aktibitateak dinamizatzea arloko klubei eta erakundeei sostengua emanez.

2017an diskoa plazaratutako beste bost taldek ere jo egingo dute Heineken Jazzaldian.

Horrez gain, jaialdiak euskal jazz musikarien beste proiektuak ere aukeratu ahal izango ditu. Iaz Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak emanaldi bat eskeini zuen jendetsua den Agertoki Berdean, eta Rural Zombies, berriz, 2016ko Jazzaldian.

2017an 35 euskal bakarlari, talde eta DJek parte hartu zuten 52. Heineken Jazzaldiaren agertokietan.

Heineken Jazzaldiak beti egin izan die leku bere programazioan bertako taldeei, aurkezten zitzaizkion proposamenen artean aukeratuz, Hasier Oleagaren Cantus Caterva kasu, edota proiektu berriak bultzatuz:

Iñaki Salvadorren Zilbor Hestea eta Te doy una canción, Gonzalo Tejadaren Ziklo 1 eta Ziklo 2, edota Bertsoa & Jazza, inprobisazioan oinarritutako bi kultur adierazpen garrantzitsuenak elkarrekin, jazzeko musika inprobisatua eta bertsolarien hitz inprobisatuak. Euskal Herriko eta atzerriko musikarien arteko proiektuak ere sustatu zituen.

Tokiko taldeen hautaketa prozesua

53. Heineken Jazzaldiak tokiko 10 talde sartuko ditu programazioan.

Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz, arrakasta handiarekin. Iaz, 40 talde aurkeztu ziren eta horietatik 15ek Donostiako zenbait klubetan jo zuten, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak programan sartuko ziren hamar taldeak hauta zitzan. Ikus-entzule asko bildu ziren eta euskal jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean (www.heinekenjazzaldia.eus) hautaketa prozesu honetako oinarriekin batera zehazten den materiala (musika grabatua, dokumentazioa…) bidali beharko dute Heineken Jazzaldira, azaroaren 9a baino lehenago.

Jasotzen diren proposamen guztien artean, 53. Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta.  Hamabost talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik izendatu gabeko datetan (bat eguneko), 2018ko urtarrilatik martxora bitartean. Joaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan.

Esandako emanaldien ondoren, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak, entzuleen erreakzioa kontuan harturik, azkenean programan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko ditu.

Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 53. Heineken Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.

2017an diskoa argitaratutako taldeak

2017an CDa argitaratu duten tokiko jazz taldeek 53. Heineken Jazzaldian jotzeko aukera izango dute.

Antolakuntza Batzordeak bost talde hautatuko ditu aurkezten diren diskoen kalitatearen eta horiek duten interesaren arabera, eta horiek izango dira 53. Heineken Jazzaldian parte hartuko dutenak.

2017an diskoa argitaratua izan eta 53. Heineken Jazzaldian parte hartu nahi duten taldeek 2017ko abenduaren 28a baino lehenago bidali behar dute diskoa jaialdiaren bulegoetara: Erregina Erregentea, 8-5. 20003 Donostia.

Deialdi hau ez da bateraezina tokiko 10 talde aukeratzeko prozesuarekin. Prozesu horretara aurkeztu den edozein taldek du aukera deialdi honetara ere aurkezteko, baldin eta 2017an diskoa atera duela frogatzen badu.