single

Tom Ibarra frantses gitarristak irabazi du Rising Stars Jazz Award saria

0

Tom-Ibarra-credit-Thierry-Dubuc

18 urteko Tom Ibarra gitarrista eta musikagile frantsesa izan da Rising Stars Jazz Award sariaren irabazlea eta horrek aukera ematen dio Europako jazz-jaialdi puntakoenetatik zazpitan jotzeko, Donostian 2018ko uztailaren 25etik 29ra ospatuko den Heineken Jazzaldia tartean dela.

Ibarrak –esan behar da bere estilo propioa duela jada jazzaren, funkaren eta fusioaren arloetan–, Europa osotik etorritako 270 artista baino gehiagoren kontrako lehiaketa gogor batean irabazi du.

Sariaren epaimahaiko kide izan ziren, gehiagoren artean, Jamie Cullum ingeles abeslari eta pianista, egungo jazzeko izar handietako bat, Brian Bacchus estatubatuar ekoizlea eta Sébastien Vidal frantses ekoizlea.

Lehiaketaren irabazlea iragarri zutenean, hona zer adierazi zuen Jamie Cullumek: “Adoregarria da talentu sinesgaitzeko horrenbeste musikari ikustea. Tomek 18 urte baizik ez ditu, baina beterano baten sentimenduarekin jotzen du eta maneiatzen dituen ahalmen musikalei esker gai da momentu jakin batean urrats bat aurrera egin eta musikari bere zigilua jartzeko”.

Sariaren barruan sartzen da Tom Ibarraren musika zabaltzeko eta merkaturatzeko sostengua, baita Europako zazpi jazz-jaialdi garrantzitsuenetan jotzeko aukera ere. Aipatutako Heineken Jazzaldia ez ezik, zerrendan sartzen dira Nice Jazz Festival (Frantzia), Kongsberg Jazz Festival (Norvegia), JazzOpen (Stuttgart, Alemania), North Sea Jazz Festival (Herbehereak), Leopolis Jazz Festival (Lviv, Ukraina) eta Cheltenham Jazz Festival (Erresuma Batua).

Tom Ibarra 6 urte zituela hasi zen gitarra jotzen, Miles Davis, Pat Metheny, Weather Report eta Wes Montgomeryren eraginpean. Bere lehen diskoa, 15 izenburukoa, 2015ean argitaratu zuen. Ordurako lau urte zeramatzan bere abesti propioak konposatzen. Ibarraren talentua jazzeko artista handi askok aitortu dute jada –Marcus Miller, Richard Bona, Didier Lockwood, Sylvain Luc…– eta behin baino gehiagotan gonbidatu dute beraiekin agertokia partekatzera.

Hona hemen Tom Ibarraren musikaren erakuskari bat: https://www.youtube.com/watch?v=XQJJyXY0dpo