single

Miguel Martín, Heineken Jazzaldiko zuzendariak, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso du Malagan

0

Miguel-Martin-recoge-medalla-(copyright-Casa-de-S.M.-el-Rey-de-Espana)

Sarituen artean Ricardo Darín, José Coronado, Gloria Estefan, Rafael Amargo, Pedro Subijana, Helena Pimenta eta “Tomatito” daude

Miguel Martín Heineken Jazzaldiaren zuzendariak jaso du Malagan Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 23an emandako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina. Ekitaldiaren buru Felipe VI.a erregea izan da.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sari honekin ohoratu zituen, 2016an, kulturaren munduko 21 izen, horien artean José Coronado, Ricardo Darín, Gloria Estefan, Rafael Amargo, Lorenzo Caprile, Pedro Subijana, Helena Pimenta, Leopoldo Zugaza, Magüi Mira, José Fernández Torres “Tomatito” eta Iruñeko Orfeoia.

Miguel Martín Maiz Donostian jaio zen 1956an. 22 urte zituela hasi zen Donostiako Jazzaldiarekin lankidetzak egiten, artistak hautatzen zituen batzordeko kide gisa eta produkzioko lanez eta agertokietako errejidore-eginkizunez arduratzen zela. Ordutik hona, Martinen ibilbide profesionala Jazzaldiari lotuta egon da, hiru urteko parentesi labur bat kenduta (1989-1991). Donostia Kulturako Musika Unitateko zuzendari eta Kursaal Eszenako programatzaile ere bada. Plataforma horien bitartez, Miguel Martinek antolatu ditu Donostian azken hamarraldiotan eman diren kontzertu ospetsuenetako batzuk, Bob Dylanek 2006an Zurriolako hondartzan eman zuena barne.

Miguel Martinen zuzendaritzapean, Heineken Jazzaldiak (Jazzaldiaren gaur egungo izen ofiziala) garrantzi handiko hainbat sari jaso ditu kulturaren arloan egindako ekarpena aitortzen diotenak, horien artean SGAE Fundazioaren Musikaren XII. Sarietako Musikaren Zabalkundearen Saria (2008) eta Eusko Jaurlaritzak 2015ean emandako Lehiakortasunaren Turismo Saria.