single

Yann Tiersen Heineken Jazzaldian izango dugu, non salbuespenezko kontzertu bat eskainiko baitu bakarka

0

Uztailaren 29an izango da,  Kursaal auditorioan, abonamendutik kanpo

Yann Tiersen musikari bretoi ospetsua, Europako instrumentu-jotzaile bikainenetako bat, abesti ahaztezinak idatzi dituena, 53. Heineken Jazzaldiaren programara gehitu zaigu bakarka eskainiko duen salbuespenezko kontzertu batekin. Uztailaren 29an izango da, 23:00etan, Kursaal auditorioan, 20 eurotan (abonamendutik kanpo).

 

Yann-Tiersen-(credit_ChristopherEspinosa-Fernandez)WEB

 

An Evening With Yann Tiersen Solo In Concert

Yann Tiersen (pianoa, biolina, ahotsa)

Yann Tiersenen bakarkako emanaldia, pianoa eta biolina lagun dituela, haren jarraitzaile ugariren oroimenean lorratz sakona utziko duen ekitaldia izatera deituta dago. Bretainiako musikari honek –bere belaunaldiko errespetatuenetako bat– 2001ean egin zuen jauzi nazioarteko ospera, Amélie filmaren soinu-banda idatzi zuenean.

Haren ibilbidea, ordea, hori baino askoz gehiago da, bai urte hartaz aurretik eta bai geroztik. Tiersen bera desmarkatzen da zinemarako konpositorearen etiketa horretatik (”Ez naiz konpositore eta ez dut iraganik musika klasikoan”) eta haren biografiak argi eta garbi erakusten du: 6 urtetik 14ra arte biolina eta pianoa ikasi zituen eta, orkestra-zuzendaritzara bideratu edo ez zalantzan egon ostean, horiek guztiak bazter utzi eta, Joy Division eta The Stooges-etan inspiraturik, gitarra elektrikoa hartu eta post-punkean murgildu zen 80ko hamarraldiaren bigarren erdi aldera.

Urrats ausarta izan zen lehenengo hura, dudarik gabe. Haren ibilbideak kolore guztietako eraginak izan ditu geroztik: kaleko musikatik abangoardiakora, minimalismotik rockera, eta baltsetik chanson deitura. Zinemarako idatzi dituen hiru soinu-bandez aparte –aipatutako Amélie ez ezik, Goodbye Lenin! (2003) eta Tabarly (2008)– zuzeneko hiru album argitaratu ditu, azkenekoa On Tour (2006). Gainera, Tiersenen diskografiak –1995ean estreinatu zen La Valse des monstres izenekoarekin– bederatzi titulu gailen ditu jada. Berriena Eusa izenburukoa da, pianorako hamar konposizioz eratua eta partitura-liburu gisa argitaratua, haietako bakoitza jaioterritzat duen uharteko toki batean inspiratua, hain zuzen, bretainieraz, Eusa deitzen baita uharte hura.

Aurreko udan, formatu berean, Bartzelonako Jardins de Pedralbes jaialdian jo zuenean (sarrerak agorturik zirela), hona zer ekarri zuen El País egunkariak: “kontzertu biribila, hurbilekoa. Yann Tiersenek Montmartreko txoko bat bihurtu zituen Pedralbeseko lorategiak”. Norvegiako Here Today online-ko aldizkariak, berriz, definizio ezin hobea egin zuen: “Yann Tiersen, bakarka aritu arren, ez dela bakarka ari ematen duen artista bakan horietakoa da”.