single

57. JAZZALDIAK EUSKAL JAZZA SUSTATZEN JARRAITUKO DU

0

Trompeta Web

57. Jazzaldiak azken urteotan euskal Jazz taldeen alde egindako apustua berretsi du, eta horretarako, 2022ko uztailaren 21etik 25era egingo den jaialdian parte hartzeko hainbat bide eskainiko ditu.

 
Hain zuzen ere, 57. Jazzaldiak bere egitarauan 10 emanaldi gordeko ditu hautaketa prozesu baten bidez aukeratutako 10 tokiko talderi egokituko zaizkienak. Hautatze prozesu honi sostengu berezia ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren bidez, beraien xedea musikaren eta arte eszenikoen esparruan Gipuzkoako talentu gazteei bultzada ematea da, era berean, Gipuzkoako eszena dinamizatzea, kluben zein antolatzaileen alde jokatuz.

 
Euskal Jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz eta harrezkero urtero egiten dugu, arrakasta handiarekin. Azken edizioan 52 talde aurkeztu ziren, horietatik 15ek Donostiako zenbait areto eta klubetan jo zuten eta antolakuntzak azkenik 10 aukeratu zituen iazko Jazzaldian parte hartzeko. Ikus-entzule asko bildu ziren eta euskal Jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.

 
Horrez gain, Jazzaldiak zuzenki aukeratzen dituen beste euskal musikari askoren proiektuak ere sartzen ditu bere egitarauetan. Asko izan dira modu honetan azken urteotako Jazzaldian parte hartu duten euskal musika talde eta musikariak: Iñaki Salvador, Oreka Tx, Michel Portal, Paul San Martín, Mikel Azpiroz, Nøgen, Belako, Stinus, Izaro, Amateur, Mikel Erentxun, Easo Abesbatza, Jon Urrutia, Víctor de Diego, Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado, Rural Zombies…

Tokiko taldeen hautaketa prozesua

57. Jazzaldiak, 2022an, tokiko 10 Jazz talde sartuko ditu bere programazioan.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean izen-ematea osatu eta hautaketa prozesu honen oinarrietan  zehazten den materiala bidali beharko dute, azaroaren 25a baino lehen (oinarriak hemen).

Jasotzen diren proposamen guztien artean, 57. Jazzaldiaren antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta. Hamabost talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik zehaztu gabeko datetan (bat eguneko), 2022ko urtarriletik apirilera bitartean. Joaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan.

Aipatutako 15 emanaldien ondoren, Jazzaldiaren antolakuntzak, entzuleen erreakzioa kontuan harturik, 57. Jazzaldiaren egitarauean diren 10 taldeak aukeratuko ditu.

Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 57. Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.

Oinarriak
Izen-emate orria