single

Cyrus Chestnut, Snarky Puppy, Charles Bradley, Terje Rypdal, Jerry Bergonzi, Ellis Marsalis, Jack DeJohnette, José James, Steps Ahead eta Bobo Stenson, 51. Heineken Jazzaldirako izen berriak

0

Heineken Jazzaldiaren 51. edizioa izen garrantzitsu askorekin datorkigu: batzuk klasikoak dira, beste batzuk berriak, proiektu abangoardistekin datozenak, eta mota guztietako entzuleentzat eragina eta erakargarritasuna duten artistak izango ditugu. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis, Brad Mehldau, John Scofield, Jan Garbarek eta Marc Ribot-i Cyrus Chestnut, Snarky Puppy, Charles Bradley, Terje Rypdal, Jerry Bergonzi, Ellis Marsalis, Jack DeJohnette, José James, Steps Ahead eta Bobo Stenson gehitu zaizkie orain, beste askoren artean.

 

Sarreren salmenta

Sarrerak salgai daude dagoeneko web honetan bertan eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan (11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara)

Jazz Band Ball-a

Hasi gaitezen lehen egunetik. Uztailaren 21ean, Jazz Band Ball-a ospatuko da Zurriolako Hondartzan eta Kursaaleko Terrazetan. Egun horretako izarra Gloria Gaynor abeslaria izango da, dudarik gabe, benetako erreferentzia afroamerikar kantagintzaz ari bagara. Berde Heineken Agertokian ere, baina gauerdian, funkeko mitoetako bat izango dugu, pieza arrakastatsu asko eta asko plazaratu dituen talde bat eta “vocoder”-aren erabileragatik ospetsu egin zena: The Zapp Band, Europan oso noizik behin eskaintzen dituen emanaldietako batean.

Beste agertoki batzuetan, gau horretan bertan, luxuzko artistak izango ditugu. Hiru super-musikarik osatutako hirukoa: Cyrus Chestnut, Buster Williams eta Lenny White; Marc Riboten azken proiektua, joan zen udazkenean Kursaalen arrakastaz eskaini zena, Filadelfia Soinuari omenaldia egungo jazzeko gitarrista garrantzitsuenetako baten eskutik, Marc Ribot, Ornette Colemanen laukote bikoitzetako bi kide lagun dituela, Jamaaladeen Tacuma eta Calvin Weston; beste gitarra-jole handi bat, Terje Rypdal ipartarra, power-jazzeko Elephant Nine taldeak laguntzen diola; John Nemeth, amerikar blueseko izarra, Estatu Batuetako hiri euskaldunenetako batean jaioa, Boisen (Idaho); eta jatorriz antillarra den Tricia Evy abeslari frantsesa.

 

Trinitate Enparantza

Uztailaren 22tik hasita, Heineken Jazzaldiaren agertoki garrantzizkoenak, Trinitate Enparantzak, jazzeko lau saio bikoitz paregabe eskainiko ditu. Hasteko, Marsalis familiako bi izar. Ellis, aita, izango da lehen saioko protagonista, bere laukotearen buruan, eta ondoren, Branford Marsalis handiaren txanda izango da, jazzeko kantari miretsienetako bat bere taldean duela: Kurt Elling.

Uztailaren 23an, larunbata, jazz garaikideko bi erreferentzia. Lehendabizi, Jack DeJohnette bateria-jotzaile eta pianistaren hirukoa, Ravi Coltrane saxofoilaria barruan dela. Gaueko bigarren saioan, berriz, Steve Coleman saxofoilariaren 5 Elements taldea izango dugu. Esan behar da Steve Coleman Heineken Jazzaldiak bere ibilbide oparo guztian jarraitu izan duen musikaria dela.

Uztailaren 24an, igandea, azken garaiotan estiloa markatzen ari den beste abeslari baten kontzertuarekin hasiko da saioa, José James, zeinak Billie Holiday handiari eskaini dion diskoa aurkeztuko baitu. Haren atzetik, talde mitiko bat, Steps Ahead, bere liderra, Mike Mainieri bibrafonista, buruan duela eta aparteko ospe eta kalitateko musikariz osatutako formazioarekin: Eliane Elias, Marc Johnson, Donny McCaslin eta Billy Kilson.

Azkenik, astelehenean, uztailak 25, Trinitate Enparantzan, Heineken Jazzaldi honetako saio gutiziatuenetako bat izango dugu, Diana Krall jazzeko diva handia ikusiko baitugu oholtzan, bere laukote berriarekin. Aurretik, gaur egungo musikari sentikor eta lirikoenetako baten emanaldia entzuteko aukera izango dugu, Bobo Stenson suediarrarena, hain zuzen.

 

Kursaal Auditoriumean- Kutxabank

Kursaal Auditoriumean, lau kontzertu handi artista ezagun eta liluragarrien eskutik: lehenik, uztailaren 22an, Brad Mehldau, John Scofield eta Marc Guiliana bateria gazteak osatutako hirukoa. Hurrengo egunean, uztailak 23, gora datorren izen bat, dagoeneko benetako izar bilakatu dena Europako hainbat herrialdetan, Ibrahim Maalouf tronpetaria bere proiektu elektrikoarekin. Igandean, Europako jazzeko musikari gailenetako bat, Jan Garbarek norvegiarra bere taldearekin, non Trilok Gurtu indiar perkusionistak joko baitu. Amaitzeko, uztailaren 25ean, Kursaal Auditoriumean, amerikar jazzean gero eta izen handiagoa duen artista bat, New Orleanseko Christian Scott tronpetaria bere proiektu berriarekin, 9 musikari agertokian direla.

Aurretik iragarrita zegoen aurten Donostian ospatuko dela, Heineken Jazzaldiarekin batera, 12 Points lehiaketa, non Europan fama hartzen ari diren talde interesgarrienetako 12k hartuko baitute parte. Victoria Eugenia Antzokian eskainiko diren emanaldi horiekin batera (oraindik programa guztiz zehaztu gabe dago) uztailaren 20, 21, 22 eta 23an, jam-saioak eskainiko dira Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, eta bizikidetzak eta hitzaldiak egongo dira Victoria Eugenia Klubean.

 

Victoria Eugenia Antzokia – Skoda

Victoria Eugenia Antzokiaren programazioa bi emanaldi guztiz berezirekin osatuko da. Uztailaren 24an, Bertsoa & Jazza formatuko saio berri bat izango dugu, zeina duela hamar urte baino gehiago estreinatu baitzen agertoki berean. Eta uztailaren 25ean, 17:30ean, europar jazzeko talde original, sortzaile, definiezin eta jenialenetako baten emanaldia: Lyondik datorren La Marmite Infernale, Espainian eskainiko duen lehen kontzertuan, 1967tik abian dagoen taldea izan arren.

San Telmo Museoa

Aurten Heineken Jazzaldiak berritasun garrantzitsu bat dakar: San Telmoko Eguerdiak. 5 kontzertu izango dira eguerdiko 12:30ean kalitate eta heterogeneotasun handiko bost proposamenekin. Hilaren 21ean izango da lehena 2015eko euskal jazzeko proiektu interesgarrienetako batekin, Ainara Ortega donostiar abeslariaren taldea, zeinak Victoria Eugenia Antzokian abestu baitzuen entzule eta kritikaren harrera ezin hobearekin. Eguerdiko saio horietako bigarrena Mikel Andueza saxo altu bikainak protagonizatuko du. Gure hirian oso maitea dugun artista honek bere disko onenetako bateko piezak –2015ean argitaratu zuen– entzuteko aukera eskainiko digu, bere seikote propioa distira handiz zuzentzen duela.

Larunbatean, hilak 23, super-saxofoilari bat banda bikain batekin: Jerry Bergonzi saxo tenorra, jazz garaikideko mitoetako bat bere laukotearen buruan, beste batzuen artean, Perico Sambeat valentziarrak laguntzen diola. Igandean, uztailak 24, elezaharretako beste talde baten txanda izango da, Lyongo Workshop taldearena, Europako jazz garaikideko banda interesgarrienetako bat izateaz gainera, bizi luzeenetakoa duena, ia 50 urteko ibilbidea baitarama. Hor jo izan dute Frantziako bakarlari garrantzitsuenetako batzuek eta herrialde horretako jazzaren ordezkari nagusietako bat izaten jarraitzen du. Kontzertu erakargarri hauek amaitzeko, hilaren 25ean, astelehena, jazz onena eta flamenko instrumental onena uztartzen dituzten hiru musikari handik osatutako hirukoa: Josemi Carmona gitarrista, Javier Colina baxu-jotzailea eta Bandolero perkusionista.

Berde Heineken Agertokia

Beti bezala, ikus-entzule gazteentzat interes handiena izango duten agertokien artean Berde Heineken Agertokia dago. Aipatu dira jada uztailaren 21ean hor ariko diren artistak (Gloria Gaynor eta The Zapp Band). Hurrengo egunetako programazioa, agertoki horretan ohikoa denez, hainbat koloretako estilo osagarriz eta ludikoz eratutako amalgama loriatsu bat izango da. Uztailaren 22an, saioa iluntzeko 9etan hasiko da Ryley Walker gitarra-jole eta abeslariaren emanaldiarekin. Folkaren eta rockaren artean mugitzen den musikari honek balada zoragarriz eta pieza elektriko kitzikagarriz jositako errepertorioa du. Gauean, Snarky Puppy taldeak joko du; aurten Grammy sari bat irabazita, R&B instrumentaleko talde indartsu, gazte eta asmamen handienetakoa dutenen artean ditugu.

Uztailaren 23an, larunbata, azken hilabeteotan eskaera handienetakoa duen euskal talde baten txanda izango da, Rural Zombies. Gauerdian, berriz, Nick Waterhouse-k R&B zaharraren sentsibilitate eta indar guztia eskainiko digu, abesti xume bezain argitsuz betetako disko zoragarriak argitaratzen ari den kantari gazte baten ahotsean. Berde Heineken Agertokiaren programazioa hilaren 24an itxiko da bi proposamen desberdin bezain zirraragarrirekin: iluneko 9etan, Grupo Fantasma, Estatu Batuetan proiekzio handienetakoa duen banda latino bat. Austinen (Texas) egoitza duten musikari latinoz osatutako banda zoragarri bat da, talde mitikoenen ahalmen eta erritmo guztia berarekin duena. Eta mitoez ari garela, nor hoberik Charles Bradley soularen erregea baino, kantari honek, izan ere, bere ahotsarekin eta ahalmen eszenikoarekin, soularen urrezko urteak ekartzen dizkigu gogora.