single

Jazzeko talentu gazteentzat Europan egiten den 12 Points jaialdia 2016an ospatuko da Donostian, Heineken Jazzaldiarekin eta Europako Kultur Hiriburuarekin batera

0
12-Points-2014-Pixel-taldea

Europako jazzeko talentu gazteak aurkitzea eta bultzatzea helburu duen 12 Points jaialdiak Donostian ospatuko du bere hamargarren edizioa, 2016ko uztailaren 20tik 23ra, Heineken Jazzaldiarekin batera, azken hau uztailaren 20tik 25era bitartean garatuko baita, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera.

Bere egitaraua prestatzeko, 12 Points-ek urtero deialdi ireki bat egiten du Europako 12 herrialdetatik 12 jazz talde aukeratzeko xedearekin.

Parte hartu nahi duten taldeek 2016ko urtarrilaren 30a baino lehen eman behar dute izena www.12points.ie web orrian.

Azken hamar urteotan, plataforma paregabea bilakatu da 12 Points jazzaren esparruan Europan sortzen diren talentu berriak sustatzeko. Ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points-en 2007tik hona eta haietako askorentzat ezinbesteko urratsa izan da beren ibilbide profesionalari ekiteko orduan.

12 Points jaialdi alderraia da, txandaka ospatzen da Dublinen (urte bakoitietan) eta Europako beste hiriburu batean (urte bikoitietan). 2014an Umea-n egin zuten (Suedia), eta 2012an, Porton (Portugal).

Jaialdi prestigiotsu hau Donostiara ekartzea hiru erakunderen lankidetzari esker izan da posible: Improvised Music Company, Dublinen egoitza duen enpresa eta 12 Points-en ohiko ekoizlea; Heineken Jazzaldia, bere 51. edizioa eskainiko duena, 2015ean berrogeita hamargarren urteurrena arrakasta handiz ospatu ondoren; eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua, zehatzago esanda, proiektu horretako Elkarrizketak lerroa, hain zuzen ere, DSS2016EUren lerro horren xedea bere inguruko kultur eragileekin itunak egitea eta Kultur Hiriburuaren balioei lotutako berariazko proiektuekin elkarlanean aritzea baita.

12 Points artista berriak aurkitzea xede duen jaialdi bat da. Musikariek ez ezik, itzal handiko hainbat programatzailek, kazetarik eta hezitzailek hartzen dute parte, urtero, 12 Points jaialdian, talentu berrien bila joanda. Han parte hartzen duten musikariei jaialdiak irauten duen guztian gera daitezen eskatzen zaie, horrela, Europako beste leku batzuetako artistak zer sortzen ari diren ikusi eta entzun dezaten.

Parte-hartzaileen arteko harremana, berriz, honela eratzen da: elkarren arteko lana garatzeko Networking Dinners izeneko afarien bidez, tokiko jazzeko musikariekin egiten diren Jam Session gautarretan, eta Jazz Futures mintegiaren bitartez, non musika honen etorkizuna eztabaidatzen baita.

12 Points etorkizunera begira dagoen jaialdia da. Hor parte hartzen duten musikari gazteek jazza nora doan eta hurrengo hamar edo hamabost urteetan zer norabide hartuko duen iragartzen dute.

12 Points-en ezagutzera emandako bi artista izan ditugu jada Heineken Jazzaldian. Danimarkako Ibrahim Electric taldea da horietako bat –Dublingo 2008ko 12 Points-en hartu zuen parte, eta 2014ko Donostiako Jazzaldian jo zuen– eta bestea Mari Kvien Brunvoll norvegiar abeslaria, 2012ko Heineken Jazzaldiko programan kantatu zuena, Stavanger-en (Norvegia) ospatutako 2010eko 12 Points jaialdirako hautatua izan ondoren.

Improvised Music Company irabazi asmorik gabeko musika sustapeneko agentzia bat da, Irish Arts Council erakundeak finantzatzen du eta hogei urtetik gorako eskarmentua du kulturaren sektorean.

 

12-pt-logo-1-copy imc-logo-black-1logo-2016-Conversaciones