single

ARTISTAK

Potter / Mehldau / Patitucci / Blake

0

Foto Web Jazzaldia 900x500 Potter Mehldau Patitucci

Chris Potter (saxoa), Brad Mehldau (pianoa), John Patitucci (baxua), Johnathan Blake (bateria)

Chris Potter, bere belaunaldiko saxofonista garrantzitsuenen artean kokatua, Brad Mehldaurekin, beharbada azken 20 urteetako Jazz pianistarik gailenenarekin elkartu da laukote guztiz berri bat sortzeko, beste bi musikari handi biltzen dituena: John Patitucci kontrabaxuan eta Johnathan Blake baterian.

Izarrez osatutako laukote honek bere lehen diskoa kaleratuko du 2024ko martxoan, eta zalantzarik ez dago kontzertu bikaina eskainiko dutela 59. Jazzaldian.

Chris Potter Jazz garaikidearen ameslari bat da, saxofonista eta konpositorea, mugarik ez duen sormenaren eta inprobisatzeko aparteko gaitasunaren jabe. Bere estiloa kementsua, sofistikatua, dinamikoa eta adierazkorra da, eta Jazzik klasikoenetik hasi eta fusiorik abangoardisteneraino iristen da.

Brad Mehldau bere belaunaldiko pianista ospetsuenetako bat da. Sentiberatasuna, dotorezia, berrikuntza, sofistikazioa, indarra, Estatu Batuetako pianista bikain honen nortasun musikala definitzeko balio duten hitzak dira, ñabarduraz blaitutako musika iradokitzailea eta narratiboa sortzeko eta interpretatzeko gai dena.

John Patitucci konpositore eta interpreteak Jazzaren maisuekin kolaboratu du, tartean Chick Corea, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Stan Getz, Pat Metheny, Wynton Marsalis, Joshua Redman, McCoy Tyner, Freddie Hubbard… Eta pop musikaren izarrekin, haien artean Sting, Aaron Neville, Natalie Cole, Joni Mitchell, Carole King, Milton Nascimento eta Joao Gilberto. Baita konpositore handiekin ere, besteak beste Henry Mancini, John Williams, Jerry Goldsmith, Ry Cooder…

6 hariko baxu elektrikoaren eta kontrabaxuaren birtuosoa, Patitucci eredu bat da bere hizkuntza konplexu, bere moldakortasun, doitasun tekniko eta soinu bereizgarriagatik miresten duten baxu ugarirentzat.