single

5 PIANO KONTZERTU ŠKODA SAN TELMO MUSEOAN, 8 EMANALDI JAZZEÑEN ETA HARRIBITXI BAT FCC VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAN

0

Oreka TX Web 3

Vadim Neselovskyi + Craig Taborn + Sofiane Pamart + Benny Green + Marco Mezquida & Juan de la Rubia + Moisés Sánchez + Oreka TX + Chico Pérez…

PIANOAREN JENIOEZ BETEKO DA ŠKODA SAN TELMO MUSEOA

Aurten ere San Telmo Museoko klaustro zoragarrian gozatu ahal izango dugu piano solo kontzertuez. 5 kontzertu izango ditugu, guztiz akustikoak, eta teklatuaren aparteko 4 jeniok interpretatuko dituzte, pianista eta musikari gailenak guztiak.

Hasteko, uztailaren 21ean, kontzertu solidario bat egingo da, eta irabaziak Txernobil Elkartera bideratuko dira. Kontzertu horretan Vadim Neselovskyik bere Odessa Suite eskainiko digu.

Uztailaren 22an Craig Taborn estatubatuarraren txanda izango da. Aparteko pianista hau inprobisatzaile bikaina da, eta bere musika, testurez betea, gai da berdinik ez duen imajinario bat transmititzeko.

Uztailaren 23rako, larunbata, Sofiane Pamart pianista birtuoso, konpositore eta ekoizlea ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu. Datozen urteetako pianista eta konpositore ospetsuenetako bat izatera bideratua, musika klasikoaren eta pianoaren mundua iraultzea eta irisgarriago bihurtzea da Pamarten misioa; horretarako, kode guztiak hautsi eta oraingo mundu urbanokoak hartzen ditu.

Uztailaren 24an eta 25ean, Benny Green newyorktarra izango da protagonista museoko klaustroan. Pianoaren arloan estilo guztien ikertzaile nekaezina, Greenek lau hamarkada baino gehiago daramatza agertokietan, eta oraingo Jazzaren pianistarik onenetako bat da. Pianista paregabe honek bi errepertorio eskainiko ditu:

-Uztailak 24 – THE CONNECTION: Duke Ellington – Billy Strayhorn – Thelonious Monk.

-Uztailak 25 – REMINISCING THE PIANO GREATS: Hank Jones – Tommy Flanagan – Cedar Walton – Oscar Peterson.

JAZZEÑEREN ZORTZIGARREN EDIZIOA ETA HARRIBITXI BAT AMAITZEKO HARTUKO DITU FCC VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAK

Iazko arrakastaren ondoren, JazzEñe jaialdia, SGAE Fundazioaren nazioarteko programatzaileentzako Espainiako Jazz Erakustaldia, berriz ere ospatuko da Jazzaldiaren baitan, Victoria Eugenia Antzokian. SGAEko kide diren hainbat artistaren musikara hurbiltzeko aukera paregabea.

Uztailaren 21etik 24ra, 12:30tan hasita, 4 saio izango ditugu, bakoitza 45 minutuko bi kontzerturekin. Uztailaren 21ean Oreka TX eta, ondoren, Chico Pérez arituko dira. 22an Verónica Ferreiro & Javier Sánchez, eta jarraian Carlos Sarduy. 23an Moisés Sánchez eta Daahoud Salim Quintet arituko dira. Azkenik, uztailaren 24an, Berta Moreno eta Ernán López Nussa izango dira 2022ko JazzEñeri amaiera emango diotenak.

Uztailaren 25ean, JazzEñetik kanpo, baina ordu berean (12:30), FCC Victoria Eugenia Antzokiaren programazioa itxiko dugu, bi musikari handirekin agertokia partekatzen: Marco Mezquida, pianoan, eta Juan de la Rubia, organoan. Bach & Forward eskainiko digute, Johann Sebastian Bachen obraren inguruko emanaldi bat, guztiz inprobisatua. Inprobisazioan aditu diren bi interpreteek elkarri erantzun eta desafio egiten diote, bakoitzak bere ikuspegitik; Jazzari lotuagoa lehenengoarena eta klasikoagoa bigarrenarena. Berdinik ez duen esperientzia zoragarri bat.

SARRERAK ETA ABONUAK ETA DATOZEN IRAGARPENAK

Škoda San Telmo Museoaren eta FCC Victoria Eugenia Antzokiaren kontzertuetarako sarrerak eta abonuak salgai daude dagoeneko gure ohiko kanalen bidez (Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneak).

Iragarri dugu jada ordainpeko kontzertuen programazio osoa: Trinitate plaza, Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Škoda San Telmo Museoa eta Chillida Leku. KELER GUNEAn, hondartzan, izango diren doako emanaldiak ere iragarri ditugu, eta laster emango dugu gainerako doako programazioaren berri: Kursaaleko terrazak, Nauticool, Txikijazz…

www.jazzaldia.eus