single

58. JAZZALDIAK MARKA GUZTIAK HAUTSI DITU

0

Jende asko bildu da kontzertu guztietara eta Donostiako Jazzaldiaren historian inoiz ez bezalako bertaratze kopuruak izan dira. 191.000 lagunek bete dituzte 5 egunetan, 16 agertokitan egindako 90 kontzertuak. Salgai zeuden 21 kontzertuetatik 15etarako sarrerak agortu egin dira. “Sold out” kartela Triniko 4 gauetatik 3tan jarri da, Kursaaleko 5 kontzertuetatik 3tan, San Telmo Museoko kontzertu guztietan, Club aretoko bietan, JazzEñeko batean eta María Cristina Hotelekoan. Guztira, 18.882 sarrera saldu dira, munduko 40 herrialde ezberdinetatik erosi direnak. Doako kontzertuetan 172.000 pertsona bildu dira.

Nazioarteko izar handiek, Jazzaren etorkizuna markatuko duten artista berriek, musika estilo ezberdinetako taldeek, bertako taldeek eta abarrek eskainitako kontzertuez gozatzeko aukera izan dugu. Kalitate musikal bikaineko kontzertuak, horietako asko gure oroimenean betiko geratuko direnak, batzuk aipatzearren, honako hauek azpimarra ditzakegu: Julian Lage, Norah Jones, Joss Stone, Ben Harper, Ezra Collective, Yosuke Yamashita,…

Jazzaldiak eskerrak eman nahi ditu uztailaren 24an eta 25ean, euria egin arren, esparru guztiak betetzeaz gain, aurten ere jarrera eredugarriarekin eta inolako gorabeherarik gabe egin direlako ekitaldi guztiak. Aurten ere, musikaz, jai-giroz eta ospakizunez bete da hiria.

Trinitate Plaza

Trinitate Plazako lehen eguna, uztailaren 22a, gitarren gaua izan zen. Lehenik eta behin, Julian Lagek kontzertu bikaina eskaini zuen eta erakutsi zuen momentu oso onean dagoela eta Jazzaren gitarra-jotzaileen artean etorkizunik handiena duena dela. Gero, Bill Frisellek entzuleak mirestuta utzi zituen bere gitarraren argitasun, dotoretasun eta berotasunarekin. Bi emanaldien artean, bi gitarra jotzaileek agertokia partekatu zuten, publikoaren oroimenean betirako geratuko den une horietako bat.

Hilaren 23an, hauteskunde orokorren eguna izan zen, baina horrek ez zuen eragotzi Trini berriro betetzea. Hasteko, Abdullah Ibrahimek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen eta, ondoren, kontzertu leun eta bikain bat eskaini zuen, non maisu hegoafrikarrak bere bihotzaren barrenetik “a capela” abesten amaitu zuen. Bigarren kontzertua Nubya Garciarena izan zen, indartsua eta liluragarria, Jazz garaikideko izarrik argitsuenetako bat dela erakustera etorri zena.

Hilaren 24a, Enrico Ravarekin hasi zen. Goizean, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen, ibilbide luze bati esker ona. Italiako tronpeta-maisuak ez zuen huts egin, eta, bere herrialdeko Jazz-talentu gazteez inguraturik, kontzertu bikaina eskaini zuen. Ondoren, David Helbock ‘s Austrian Syndicateren emanaldia izan zen. Euri-jasa handia bota arren, entzule gehienak eserlekuetan mantentzea lortu zuen, bere zuzeneko bikainaz gozatuz.

Triniko kontzertuak festa handi batekin itxi ziren. Lehenik, Bamba Wassoulou Groove maliarrek plaza osoa dantzan jarri zuten beren gitarra hipnotikoekin. Eta edizio honi amaiera emateko, Joss Stone handi baten kontzertuaz gozatu ahal izan genuen. Bere ahots txundigarriarekin eta alaitasunarekin, publikoa bereganatu zuen, behin baino gehiagotan jaitsi zen zaleen artean abestera eta, berriro, Trini osoa dantzan eta kantuan jarri zuen.

Kursaal Auditorioa

Askotariko estiloekin, Kursaal Auditorioak kalitate artistiko handiko 5 kontzertu hartu ditu. Kenny Barronek, EGOrekin batera, lehen egunean, ikusleak poztu zituen. Norah Jones, hilaren 22an, bere ahots paregabearekin eta bere piano zoragarriarekin, bikain aritu zen. Ben Harperrek, The Innocent Criminals lagun zituela, bere ahots eta gitarra bikainarekin, jarraitzaileen gozamena lortu zuen. Hilaren 24an Pat Methenyren txanda izan zen, bere gitarrekin bere jarraitzaile leialak miretsi zituena. Eta bukatzeko, 25ean, Rocio Márquez & BRONQUIOk, kontzertu ikusgarri bat eskaini zuten: konplexua, ñabarduraz betea, soinuzko ehunduraz, sorpresaz, poesiaz, artez, sentimenduz eta biraz betea.

FCC Victoria Eugenia Antzokia

Aurten, aurrekoan bezala, FCC Victoria Eugenia Antzokiak JazzEñeren bederatzigarren edizioa hartu du. Kontzertu guztietara, batez beste, 650 pertsona joan dira, eta kalitate handiko 8 musika-proposamen ikusi ahal izan dituzte: Lucía Rey Trío, MOVE, Carles Margarit Quinteto, NGBM Cuarteto, Alto For Two, Niño Josele, Bandolero Cuarteto eta Gonzalo del Val.

Keler Gunea

Keler Gunean 8 kontzertu jendetsu eta estilo anitzekoak izan ditugu.

Hilaren 21ean, Village Peoplek 40.000 pertsona dantzan jarri zituen hondartzan, ondoren, Fred Wesley bikaina, funkaren historiako handienetako baten txanda izan zen. Uztailaren 22an, Blue Lab Beats, freskoak, esperimentalak eta oso jatorrak, entzulegoa bereganatu zuten, eta ondoren, Keler Gunera Viva Sueciako milaka jarraitzaile hurbildu ziren, kantu guztiak dantzatu eta abesteko, lehen notatik azkenera. Hilaren 23an, Arde Bogotak energia, gogo bizia eta irmotasuna xahutu zituen. Gero Tiken Jah Fakolyren txanda iritsi zen, bere reggae aldarrikatzailearekin eta banda handiarekin giro ikusgarria sortu zuen bertara joan ziren 16.000 jarraitzaileen artean. Uztailaren 24an graziazko egoeran dagoen Ezra Collectivek eskaini zuen lehen kontzertua, bertaratutako 5.000 lagunak dantzan jarri zituen Londoneko taldeak, euri zaparrada izan arren. ZETAK arduratu zen edizio honetako Keler Guneko azken kontzertuaz, eta 8.000 jarraitzaile inguruk hartu zuten parte itxiera ikuskizunean.

Skoda San Telmo Museoa

Aurten, San Telmo Museoko klaustroan piano solo kontzertuen formatua errepikatu dugu. Kontzertu horietan, inolako anplifikaziorik gabe, pianoaz gozatzeko aukera eskaintzen da, edukiera txikiarekin eta museoko klaustroa bezalako leku magiko batean.

Japoniako lau piano-jotzailek bost kontzertu eskaini dituzte, eta sarrera guztiak agortu egin dira: Yosuke Yamashitak, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuenak, bi programa ezberdin eskaini zituen hilaren 21ean eta 22an, kalitate, adierazkortasun eta teknika bikainekoak biak; hilaren 23an, Eri Yamamotok, alaitasuna eta fintasuna agertu zituen, eta Bruce Barth senarrarekin batera aritu zen, 4 eskutara; hilaren 24an, Kento Tsubosakak, sormen eta teknika bikainak erakutsi zituen; eta 25ean, Hakuei Kimek piano solo zikloa itxi zuen, estilo pertsonal, dotore eta erritmoz betearekin.

Frigo Gunea y Fnac Gunea

Jendez gainezka egon ziren terrazetan estilo eta jatorri desberdineko taldeak eduki genituen. Jaialdiko Tokiko Taldeen eta Katapulta Tourraren bidez aukeratutako euskal talde ugarik eman zuten euskal Jazzaren une bikainaren berri: Xahu, Isla Trio, Motelas, Arnaud Labastie Trio, Les Cuisinieres, Lutfi Jakfar ‘s Sith Trio, Bamms, Amaika Rude, Mikel Legasa’ s Quintet, Xavi Maldonado & David Cid Cuartet, Kinkfols eta Olana Liss.

Izen handiko eta ibilbide bikaineko nazioarteko artistak ere izan ziren Frigo eta Fnac guneetan: Damir Imamović, The Side Effects, Ill Considered, Jerry Bergonzi, The Mississippians, Sara Dowling, Pacific Jazz Ambassadors, Conversessions eta Bengue.

Sala Club

Freedom First deitutako bi kontzertutan, espetxetik, heriotza-zigorraren zain dagoen Keith LaMar-ek parte hartu zuen. Bi kontzertu hunkigarri, ikusleen bihotzak ukitzen dituzten horietakoak.

Nauticool, Garbera, Fnac Foruma eta San Martin Merkatua

Gure chill out gune nagusiak, Nauticool izenekoak, 5 kontzertu hartu ditu eta jendeak musikaz gozatu ahal izan du leku zoragarri batean: Arima Soul, Elena Setien, Blue Lab Beats, Nakar eta Ramada Inn.

Garberan bost kontzertu izan dira: Sara Dowling, Ill Considered, Jerry Bergonzi Quartet, Blue Lab Beats eta Five Stars.
Fnac Forumak, bestalde, Ura Duo, Trio Nordeste eta Brian Aching Cuartet taldeen kontzertuak eskaini zituen.
Eta San Martin Merkatuan beste bi kontzertu: Gonzalo Encinal & Fran Serrano eta Rodrigo Lauroba & Aitor Miramon.

Txikijazz

Txikijazzen edizio honetako 5 egunak zoragarriak izan dira. Familiek eta publikoak, duela 11 urtetik hona Txikijazzaren jarraitzaile amorratuak, askotariko kontzertuez gozatzeko aukera izan dute. Jazz ona entzun ahal izan da Five Starsen eskutik, Eri Yamamotoren pianoa, Amaika Rude eta Les Cuisinieresen dibertsioa, Iago gaztearen magia, eta Michelle Hendricks eta Sara Dowlingen ahotsak. Hori guztia dagoeneko Txikijazzean egonkortzen ari diren 3 guneetan: Chillida Leku, Garbera eta Kutxa Fundazioa (Tabakaleran). Azken 2 espazio horietan edukiera erabat bete da, eta Chillida Lekun 1.500 pertsona baino gehiago izan dira. Tailerrak ere topera egon dira, Jazz kontzertu bat entzuten zuten bitartean sortzeko gogo handia zuten umez beteta. Laburbilduz: belaunaldi berrietan sakontzen joateko helburua, beteta!

Streamingak eta Sare Sozialak

Edizio honetan 8 kontzertu eman ditugu streaming bidez doan, eta Youtubeko gure kanalean eskegita eta eskuragarri daude. Sare sozialetan 42.000 jarraitzaile ditugu.

WEB

WEB (www.jazzaldia.eus)

Últimos 30 días:

  • 77.000 erabiltzaile
  • 340.751 bisita
  • 932.451 gertaera
  • 1´56″ batez besteko denbora

Últimos 12 meses:

  • 189.086 erabiltzaile
  • 729.827 bisita
  • 2.064.405 gertaera
  • 1´32″ batez besteko denbora
  • 167 herrialdetatik sartu dira gure webgunera

59 Jazzaldia (2024):

Dagoeneko prestatzen eta lantzen ari gara Donostiako Jazzaldiaren hurrengo edizioa, berrogeita hemeretzigarrena, 2024ko uztailaren 24tik 28ra egingo dena.