single

AMINA CLAUDINE MYERS ETA MULATU ASTATKE SARITUKO DITU 57 JAZZALDIAK

0

DONOSTIAKO JAZZALDIA UZTAILAREN 20TIK 25ERA IZANGO DA ETA 84 KONTZERTU ESKAINIKO DITU HIRIKO 14 AGERTOKITAN

Aurtengo Jazzaldiak lehen mailako artista ugari bilduko ditu eta, hiriak Jaialdi handi batez berriro gozatu ahal izan dezan, azken prestaketa lanetan ari da orain.

14 izango dira agertokiak: Trinitate Plaza, Keler Gunea (Zurriola hondartza), Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Škoda San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Fnac Gunea, Chillida Leku, Kutxa Kultur Tabakalera, Club Aretoa, Nauticool, Forum Fnac eta bi agertoki Garberan. Emango diren 84 kontzertuetatik 54 doakoak izango dira, 21 tokiko taldeenak, 10 familiei zuzenduak Txikijazzen hamargarren edizioaren barruan, 8 JazzEñeren zortzigarren ediziokoak —Espainiako Jazzaren erakustaldi hau berriro egingo da aurten Donostiako Jazzaldian—, 4 Katapulta zirkuitukoak…

Aurrerapen moduan orain arte aurkeztu dugun programazioan izar handiak daude —Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Simple Minds, Gregory Porter, León Benavente, Hiromi, Steve Coleman, Amina Claudine Myers, Mulatu Astatke, Benny Green eta Bruce Barth, besteak beste— baita gailentzen ari diren artista ugari ere —Ben Lamar Gay, Louis Cole, Miho Hazama, Curtis Harding, Craig Taborn, Sofiane Pamart, Marco Mezquida, Christone “Kingfish” Ingram, Lakecia Benjamin, Lucia Fumero, Carlos Sarduy, Chico Pérez, Atrisma eta Oreka TX, beste askoren artean—datozen urteetan Jazzak egingo duen ibilbidea zehaztuko dutenak.

Hala, kontzertu horiei guztiei gaur iragartzera gatozenak gehitu zaizkie; tokiko taldeak dira gehienbat eta agertoki hauetan arituko dira: Kursaaleko terrazak (Frigo Gunea eta Fnac Gunea), Forum FNAC, Garbera, Nauticool eta TxikiJazz.

Sariak

Aurten, Amina Claudine Myersi eta Mulatu Astatkeri emango zaizkie Donostiako Jazzaldia sariak, Jazzean egin duten ibilbide oparo eta luzeagatik.

Amina Claudine Myers pianista, organista, bokalista, konpositore, aktore eta hezitzaileak hamarkadak daramatza musikaren arloan lanean. Association for the Advancement of Creative Musicians (AACM) elkarteko kide, Aminak 11 disko kaleratu ditu bere izenean, ezin konta ahala kolaborazio egin ditu, antzerkiko obretarako konposatu du, koruak eta orkestrak zuzendu ditu, irakaskuntzan jardun du… Bere ibilbide luzean artista anitzekin aritu izan da lanean, haien artean aipatzekoak Archie Shepp, Charlie Haden’s Liberation Orchestra, James Blood Ulmer, Lester Bowie, Bob Stewart, Joey Baron, Gene Ammons, Sonny Stitt, Muhal Richard Abrams, Bill Laswell, Eddie Harris, Von Freeman, Anthony Braxton, Henry Threadgill, Frank Lowe, Rahsaan Roland Kirk…

Mulatu Astatke 1943an jaio zen Etiopiako mendebaldean. Aurrena Londresko Trinity College of Musicen jaso zuen prestakuntza, eta hurrena Bostonen, Berkleeko izen handiko musika-eskolan; lehenengo ikasle afrikarra izan zen bertan. Ikasi eta entzundako guztiarekin, 1969an bueltatu zen Adis Abebara asmo zehatz batekin, hain zuzen ere, Jazza, musika latinoa eta musika etiopiar tradizionala uztartuta estilo berri bat sortzea: Ethio-Jazza. Bere ibilbide luze eta jorian, konpositore, moldatzaile, bibrafonista, perkusionista, irakasle, zuzendari… izan da Astatke. Etiopiako “70eko urrezko urteen” ondoren, 1998az geroztik ezagutarazi zen berriro Astatkeren musika Ethiopiques disko sailaren hasierarekin eta gerora, 2005ean, sail horretako bere abestietako zazpik Jim Jarmuschen Flores Rotas filmean izan zuten agerraldiari esker.

Txikijazz

Aurten, Txikijazzek, familiei zuzendutako kontzertuen eta jardueren zikloak, bere hamargarren edizioa betetzen du. Hala, abagune hau ospatzeko, handitu egin ditu bai bere asmoak bai bere kontzertu eta agertokien kopurua. 10. edizioko Txikijazzek 9 kontzertu programatuko ditu 4 agertokitan: Kutxa Kultur Tabakalera, Chillida Leku, Garbera Merkataritza Gunea eta Fnac Gunea. Bestetik, aurtengo edizio honetan, kontzertu horiek guztiak eskaini ez ezik, jarduerak eta tailerrak ere izango dira gune horietara hurbiltzen diren haurrentzat.

Uztailaren 21etik 25era garatuko den 10. Txikijazz honen kartelaren egilea Ane Pikaza da; 57 Jazzaldiaren kartela ere berak egina da.

NFT

Donostiako 57. Jazzaldiak, gaur, 11:30ean, aurtengo bere kartelaren edizio mugatuko sail bat (57 kopia) argitaratuko du NFT formatuan. Kartelaren egilea Ane Pikaza da, eta Jazzaldiaren Besarkada du izena. Kopia horiek dohainik eskuratu ahal izango dira gure webgunearen bidez; bertatik egin daiteke dagokion eskaera (kopia bakar bat pertsonako, 57 kopiak agortu arte) eta une honetatik aurrera bertan ematen dira eskaera egiteko argibideak, eta NFT bat zer den eta nola funtzionatzen duen jakiteko informazioa ere.

Horrela, eta Bakarts startup donostiarraren eskutik, teknologia hau erabiltzeko lehen urratsa ematen dugu, zerbitzu bat eskaini ahal izateko mota honetako arte-sorkuntzak, Jazzaldiak eratutakoak, formatu digitalean eta ziurtatuta erosi eta bildu nahi dituztenei.

Streaming

Jaialdira bertaratu ezingo duten Jazz zale guztientzat, Donostiako Jazzaldiak streamingen emango ditu, dohainik, 14 artistaren kontzertuak, haietaz gozatu ahal izan dezaten. Hauek eskainiko zaizkie: Trinitate plazako 5 kontzertu eta FCC Victoria Eugenia Antzokiko 9 kontzertuak (JazzEñeko guztiak barne). Streamingerako sarbidea gure webgunean eta Youtubeko gure kanalean izango dute.

Jazzinema

Gainera, Jazzaldiarekin batera, Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloaren seigarren edizioa izango da aurten. Jazzinema hazi egingo da 2022an, bai proiekzio kopuruan, bai egoitza kopuruan, horrela errazagoa izango da guztiontzat zinemaren eta Jazzaren arteko harreman apartaz gozatu ahal izatea.

Babesleak

Donostiako Jazzaldiak ondokoen babesa jasotzen jarraitzen du: Frigo, Kutxabank, Škoda, FCC, Kutxa Fundazioa, El Diario Vasco, Fundación SGAE, Katapulta Tour…

Eta aurtengo berritasuna hauxe da, Kelerek, gure babesle nagusiak, Keler Gunea izena emango dio Zurriolako hondartzako agertokiari.

Bestetik, Fnacek ere Kursaaleko terrazetako gure agertoki bati emango dio izena, Fnac Gunea, eta kontzertuetako batzuk Donostiako bere dendan, Forum Fnacen, hartuko ditu.

Azkenik, Garberak, 57 Jazzaldiaren aurtengo programazioko kontzertuetako batzuk hartuko ditu estreinako aldiz, eta bi agertoki izango ditu bertan 10 kontzertu dohainik eskaintzeko.

Nazioarteko lankidetzak

Donostiako Jazzaldia lankidetzan aritzen da musikaren arloko programazioa zabaltzen eta dibertsifikatzen laguntzen duten nazioarteko erakundeekin. Aurten, hauekin ditugu lankidetzak: Fundación Japón eta Kanasawa Jazz Street; Lazio Sound; eta OARA eta Le Rocher de Palmer.