single

Carolina Durante, The Excitements eta Patáx gehitu dira 57. Jazzaldiko programaziora

0

CarolinaWebEuropako birak bertan behera utzi dituzten Christone “Kingfish” Ingram, Monophonics eta Ural Thomas & The Pain ordezkatuko dituzte

Carolina Durante talde madrildarra, bost urte eskasetan eta bi albumekin bakarrik, bere belaunaldiko talde garrantzitsuenetako bat da, dagoeneko, Espainian. Haien eragina hain da handia, ezen esan baitezakegu beraiek, Carolina Durante, direla gaur egungo rockaren eta gitarradun poparen berpiztea azaltzeko arrazoi nagusietako bat. Carolina Durantek doako kontzertu bat emango du Keler Gunean, uztailaren 22an, 23:30etan, bira bertan behera utzi duen Christone “Kingfish” Ingram ordezkatuz.

The Excitements taldeak hamarkada bat baino gehiago darama soularen eta R ‘n’ Bren soinu klasikoenak berrinterpretatzen eta eguneratzen, eta, zalantzarik gabe, Europako erreferente nagusietako bat da bere estiloan. Uztailaren 22an, 21:00etan, Keler Gunean arituko da talde katalana, eta uztailaren 23an, 20:00etan, Garberan, Monophonicsen ordez. Monophonicsek bertan behera utzi du Europako bira.

Patáx taldea ere sartu da gure programazioan, gaur egungo fusio-proiektu oparoenetako bat, flamenkoa, saltsa, folklore afrokubatarra, funka, Jazza, soula eta hiphopa nahasten dituen zuzeneko ikusgarri batekin. Patáx Garberan arituko da uztailaren 22an, 20:00etan; Ural Thomas & The Pain ordezkatuko du, osasun arazoengatik etorri ezin izan dena.

The Excitements eta Patáx taldeen kontzertuak doakoak izango dira, Keler Gunean eta Garberan izango diren gainontzeko kontzertu guztiak bezala.