single

Charles Lloyd, 2017ko Donostiako Jazzaldia Saria

0

Charles Lloyd moztua a 900 x

52. Heineken Jazzaldiak Charles Lloyd saxofoi-jotzaile handiari emango dio aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Lloydek bere laukote berriaren buruan joko du, uztailaren 22an, Trinitate plazan.

Charles Lloyd egiazko elezahar bat da musikaren munduan eta erraza luke jada egina duen ibilbidearekin atseden hartzea, baina iraganari begira egotea ez zaio inoiz interesatu. Haren kontzertuak eta grabazioak edertasunez, dotoreziaz, emozioz eta grinaz beterik daude. Haren musika ez da entretenimendu soil bat, edertasunaren adierazpen ahaltsu eta lohigabea baizik.

Artistak adierazi dio antolakuntzari pozarren jasoko duela sari hori, ezaguna baitu. 2002an, izan ere, lekuko izan zen Elvin Jonesi Donostiako Jazzaldia Saria entregatu zitzaionean. Charles Lloydek agertokia partekatu zuen egun hartan Elvin Jonesekin eta sari-emate ekitaldira joan zen, jada desagertua den bateria mitikoari zion atxikipen eta adiskidetasun mina erakusten zuela.

Charles Lloyd Memphisen (Tennessee) jaio zen 1938ko martxoaren 15ean. New Orleansek bezala, Memphisek ere Mississippi ibaiari loturiko kultura aberatsa du, blues, gospel eta jazz musikaz blaitutako ondare oparoa.

1965ean bere laukote propioa osatu zuen. Talde distiratsu haren bidez aurkeztu zituen Keith Jarrett (pianoa), Jack DeJohnette (bateria) eta Cecil McBee (baxua) musikari talentutsuak. Lloydek argitaratutako Forest Flower: Live at Monterrey (1966) diskoa izan zen milioi bat kopiatik gora saldu zituen jazzeko lehen grabazioetako bat. Gainera, haren laukotea izan zen San Frantziskoko Fillmore Auditorio entzutetsuan jo zuen lehenengo jazzeko taldea eta kartela partekatu zuen Jimi Hendrix, Janis Joplin, Cream, The Grateful Dead eta Jefferson Airplanerekin.

1967an, Charles Lloyd “Jazzeko Urteko Artista” bozkatu zuen DownBeat aldizkari prestigiotsuak.

Denboraldi bat erretiratuta egon ondoren, 1981ean itzuli zen Michel Petrucciani frantses pianista bikaina lagun zuela. Ordutik hona, munduan zehar han eta hemen emanaldiak eskaintzeaz gainera, hainbat disko grabatu ditu bere laukotearekin.

DONOSTIAKO JAZZALDIA SARIA