single

Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker –Ray Charlesen Orkestrarekin– 53. Heineken Jazzaldiaren programara gehitu dira

0

Chick-Corea

Donostian izango dugun Cécile McLorin Salvant-ek irabazi du jazz bokaleko disko onenaren Grammy saria

Sarrerak otsailaren azkenean jarriko dira salgai

53. Heineken Jazzaldiak –2018ko uztailaren 25etik 29ra ospatuko da– kalitate ikaragarriko sei izen gehitu dizkio duela hilabete iragarritako lehen zerrendari: Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker, Ray Charlesen Orkestra eta The Raelettes lagun dituela.

Chick Corea hiruko akustiko batekin dator, John Patitucci eta Dave Weckl-ekin batera, horiexek baitira, azkenaldi honetan, estatubatuar pianista bikainarekin –jazzeko izar handia ez ezik, figura erabakigarrienetako bat– ongien elkar hartzen duten musikariak.

Kenny Barronek erakutsiko du, egungo bere boskotearen buruan, heldutasun artistikoaren gailurrean dagoela. Disko berria aurkeztuko du, aspalditxoan boskotean grabatu duen lehena.

Barroni 2000. urtean eman zitzaion Donostiako Jazzaldia Saria. Chick Coreak, berriz, 1998an jaso zuen sari hori.

Piano-jotzaile errepikaezinen nomina osatzeko, Brad Mehldau izango dugu programan, Heineken Jazzaldiko ikus-entzuleek bereziki estimatzen duten pianista, bere ohiko hirukoarekin.

Caetano Veloso oso musikari maitatua da Brasilen; musikagile emankorra ez ezik, dotoretasun aparta du abeslari gisa. Bere azken proiektua ekarriko du Donostiara, hiru seme lagun dituela: Moreno, Tom eta Zeca.

Ray Charles handiaren ondarea ere entzun ahal izango dugu, haren orkestraren eskutik eta Maceo Parker saxofonista indartsua zeremonia-maisu dela. Galdu behar ez den ikuskizuna izango da.

Benny Green dugu bere karreraren erpinean dagoen beste piano-jotzaile bat. Hirukoan eskainiko duen emanaldiak erakutsiko digu bere proposamen artistikoak bizirik eta indarrean jarraitzen duela.

Aurrez iragarri genuen hurrengo Heineken Jazzaldian izango ditugula Gregory Porter, Cécile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal, Zakir Hussain, Jacob Collier, Bruce Barth, Julian Lage, Endangered Blood, Tom Ibarra, Iñaki Salvador, Marco Mezquida eta GoGo Penguin.

Cécile McLorin Salvantek irabazi berria du jazz bokaleko disko onenaren Grammy saria Dreams & Daggers lanagatik, eta horrek are gehiago hazi du Heineken Jazzaldian hura ikusi eta entzuteko dagoen irrika.

Chris Potter saxofonista –Dave Holland-en hirukoan joko du Heineken Jazzaldian– jazz instrumentaleko album onenaren sarirako izendatuta egon da The Dreamer is the Dream albumagatik.

Sarrerak otsailaren azken aldera jarriko dira salgai. Ordurako egitarau osoa kontsultatu ahal izango da, baina seguru gaude izen handiko hainbat musikari gehituko direla oraindik aurtengo programaziora.