single

Come together

0

R+R=NOW

Goazen denok batera. The Beatles taldeak plazaratu zuen lehen aldiz, eta lau haizetara aldarrikatu zuen Agertoki Berdetik Gary Clark Jr. gitarrista paregabeak, berea baita pieza gogoangarri haren bertsiorik indartsuena. Bluesa eta rock’n’rolla parrastan jariatzen ziren Clarken gitarratik, gauerdian hondartzan elkartu zirenen gozamenerako. 2012an ezagutu genuen hemen Gary Clark, bere karrera arrakastatsuaren hastapenetan zegoela.

Bluesak mundu guztiko jendea biltzen du. Mikel Laboak, berriz, euskaldunak elkartu zituen bere abestien inguruan. Modu nahastezinean kantatutako haren doinu ederrek sentimendu sakonak pizten zituzten –eta pizten dituzte, oraindik– euskaldunongan eta haren obra ezagutzeko zoria izan duen edozeinengan. Hamar urte dira utzi gintuela, eta haren falta gehien nabaritzen dutenen artean dago Iñaki Salvador, Laboaren errepertorioa hobekien ezagutzen duen musikaria, ez zen alferrik haren pianista izan 25 urtez. Beraz, talde bikain bat osatu zuen, hiru instrumentista eta bi abeslarirekin, eta omenaldi-kontzertu bat eskaini zion, Victoria Eugenia mukuru betetzen zuen publikoa bereziki hunkitu zuena.

Betekada Trinitate plazan ere. Guztiak elkarrekin Jacob Collier-ek banda batekin egiten zuen mundu mailako estreinaldia txalotzeko, beste musikari batzuekin jotzen zuen lehen aldia baitzuen; orain arte, izan ere, hainbat instrumentu bakarka jotzeagatik genuen ospetsua. Gero, jazzeko belaunaldi ertaineko ordezkari onenetako batzuk igo ziren oholtzara: elkarrekin, baina nahastu gabe, zintzo eusten baitiote nork bere nortasunari: Robert Glasper, Christian Scott eta Terrace Martin.

Zer polita Izarok Agertoki Berdean egin zuena ilunabarrean. Adin guztietako ikus-entzuleak, familia osoak, guztiak elkarrekin, neska honen kantaera xarmagarria entzutera bildurik.

Oso polita San Telmokoa ere. Publikoak arretaz eta gizalegez entzun zuen Patri Goialdek Billie Holiday ordeztezinari buruz emandako hitzaldi interesgarria. Gero, estimatu zuten Skytrain-en kontzertua.

Zoragarria Marco Mezquida pianistak gauerdian Victoria Eugenian egin zuena, Ravelen errepertorioari bere zuku guztia ateratzen ziola. Zer polita jendearen etengabeko joan-etorria arratsalde eta gau osoan, Kursaaleko terrazetan. Hemen, Heineken Jazzaldian, denetik dago, guztientzat. Come together.