single

50 Heineken Jazzaldiak erabateko arrakasta lortu du bere urrezko urteurrenean

0

Jamie Cullum_Trinidad

Publikoaren erantzun masiboa, 124.000 pertsona baino gehiago programatutako ehundik gorako emanaldietan, eta maila artistiko bikaina komunikabideen onespenarekin

50 Heineken Jazzaldia, Donostiako Jazzaldiko 50.edizioan, erabateko arrakasta izan da maila artistiko zein publikoaren erantzunaren aldetik. Uztailaren 22a eta 26a bitartean, 124.000 pertsona baino gehiago gerturatu dira 17 agertokietan programatutako emanaldietara, horien %80a doakoak. Nahiz eta euria bi egunetan izan den, jaialdiko eszenatoki ezberdinetan jendetza izan da, Trinitate Plazako sarrerak agortu eta Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea eta Kursaaleko Terrazetan giro bikaina sortu da.

Artistek esperotakoa baino gehiago eman dute. Jamie Cullumek aipamen berezia merezi du bere hiru agerraldiengatik: Agertoki Berdean DJ gisa, Kursaal Auditorioan bakarlari moduan -pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz-, eta Urgull ingururaino jendez gainezka zegoen Trinitate Plazan, big band baten buru. Publikoak sutsuki gozatu zuen britainiar artistaren jeinutasunaz eta jendearekin konektatzeko duen gaitasunaz.

Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek audientzia liluratu zuten, bakoitzak bere estiloan: Sílvia Pérez Cruzek mediterranear sentsibilitatearekin; Zazek bere jazz manouche estilo dibertigarriarekin eta chanson frantsesa erakargarriarekin; Dee Dee Bridgewater bere ahots zoragarriarekin oholtza menperatuz; Melody Gardot sofistikatuak banda itzelaren babesarekin eta Andrea Motis gazteak, abeslari izateaz gain, saxofoia eta tronpeta jotzeko ahalmena erakutsiz.
50 urte bete dituen jaialdi honen sorburua den Trinitate Plaza kuttuneko programazioak, bi emanaldi gogoangarri eskaini zituen: Andrzej Olejniczak eta Iñaki Salvador buru dituen boskotearen emanaldia, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan kokatua, eta The New Standard Triorena, elkarrekin edo bakarka, aurretik ibilbide luzea duten egungo jazzaren hiru maisuek osatua.

Ohikoa denez, Kursaal Auditorioak Jamie Cullumen soloaz gain, lehen lerroko kontzertuak eskaini zituen. Gaztetan John Coltranekin batera entseatzen zuen Benny Golson saxofonistak, soila baina zuhurtasunez beteriko agerpena egin zuen, eta hurrengo egunean hunkiturik eta atsegin handiz Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen. The Bad Plus hirukoteak, adierazpen bide berriak bilatzeko arduragatik ezaguna, azken bi hamarkadetako saxofonista nabarmenetarikoa den Joshua Redmanekin batu eta emaitza aparteko kontzertua izan zen. Bi urteren ostean, eta Masada Marathon historikoaren ondoren, John Zorn Donostiara itzuli zen eta Bill Laswell baxu-jotzaile eta Dave Lombardo bateria-jotzailearekin batera, izugarrizko soinu esperientzia sortu zuen.

Victoria Eugenia Antzokiko aurtengo proposamena oso interesgarria izan da. Norvegiako Kristiansand hirian ospatzen den PUNKT jaialdia Donostiara hurbiltzeko asmoarekin, eta PUNKT Donostian izenburupean, hiru emanaldi programatu dira. PUNKT-en esentzia, Jan Bang eta Erik Honorék sortua, ohiko musika tresnak erabiliz emandako kontzertu baten ondoren, artista ezberdinek horren nahasketa egitean du bere funtsa. Heineken Jazzaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren elkarrekin ekoiztutako esperimentu honetan, Bang eta Honoréz gain, Eivind Aarset, Arve Henriksen, Nils Petter Molvaer, Sly & Robbie, Josetxo Silguero, Sidsel Endresen, Suso Saiz edo Mungolian Jet Set artistek parte hartu zuten, entzuleen zirrara sortuz.

Victoria Eugenia Antzokia guztiz bete zen, Iñaki Salvador eta Alexis Delgado piano-joleen Bach eta jazzaren arteko hurbilketaz gozatzeko.

Agertoki Berdeak sorreratik ezarri zitzaizkion helburuak bete zituen: amaigabeko festa izatea. Hasiera ona izan zuen: lehenbizikoz, Jamie Cullum DJ gisa aritu zen jendearen aurrean; Earth, Wind & Fire Experiencek aurrekoak hasitako parranda luzatu zuten, eta reggaeren sortzaileetakoa den Jimmy Cliffek gauari itxiera eman zion. Gainerako egunetan jazza, indie-a edo power pop-a txandakatu ziren, Gregory Porter, Lee Fields & The Expressions, Neuman, LoneLady, KAKKMADDAFAKKA eta Bullet Proof Lovers donostiarren eskutik, hurrenez hurren. Azken hauek besteen mailako arrakasta lortzera iritsi ziren eta euren ibilbide internazional geldiezina argi geratu da.

San Telmoko gauak oso proposamen erakargarriak aurkeztu ditu, bata bestearengandik oso desberdinak gainera: Zanmari Baré eta Indikoko Réunion irlako kantu exotikoen lilura; Julia Biel, deskubritu beharreko abeslari eta piano jolearen lan bikaina; euskal jazzaren adierazle den Gonzalo Tejada baxu jotzaile donostiarrak Norma Jean Baker edota Marilyn Monroeri egindako omenaldia; Arve Henrikssen tronpeta jolearen soinua eta Trio Mediaevaleko emakumeen ahotsek bat eginik, europar musika eta geografian zehar eginiko bidaia.

Bere 50.urteurrenean, jaialdiak Cuadernos de Jazz jazzaren hedapenerako ezinbestekoa izan den aldizkariaren 25 urteak ospatu behar zituen: Azar Lawrence eta Charles McPhersonen laukoteek jam session bikaina eskaini zuten, Andrzej Olejniczak, Maciej Fortuna eta Mikel Anduezak ere parte hartu zutelarik.

Kursaaleko terrazak (Frigo, Heineken, Coca-Cola) festa jarraia izan dira jaialdiaren bost egunetan zehar, proposamen ezberdinetaz gozatzeko aukera izan delarik: The Cookers, Ray Gelato & Claire Martin eta Carla Cook bezalako nazioarteko artistek, bertako hogei bat talderekin batera aritu dira.

Hiru urtez jarraian antolatutako ume eta familientzako Txikijazzak erabateko arrakasta lortu du. Jaialdiak belaunaldi berrietara iristeko asmoarekin egindako apustua, haur eta gurasoen parte hartzearekin babestua izan da. Ekitaldi dibertigarri ezberdinekin batera, haurrek lehen aldiz jazz doinuak entzuteko aukera izan dute, eurentzat egokituak izan diren kontzertuen bitartez. Aipatzekoa da, Ray Gelato, Carla Cook eta Andrea Motisek Joan Chamorrorekin batera eskainitako kontzertuak. Aurrera pausua izan dute publikoaren etorrerari dagokionez, 7.100 lagunek ongi pasatu dute programatutako jarduera ezberdinekin.

Berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunerako, abuztuaren 16ra arte ikusgai dagoen Round Midnight 50 Jazzaldia erakusketa antolatu da San Telmo Museoan eta TVE eta ETBk emititu duten #jazzaldia50 dokumentala egin da, kate hauen webguneetan oraindik ikusi daitekeena.

Bitxia da Donostiako Jazzaldiarekin gertatzen dena, 50 urte egin dituenean, inoiz baino gazteagoa mantentzen baita eta jazz garaikidearen historiako orrialde loriatsuak betetzeko grinarekin jarraitzen du. Poloniako jazzak presentzia handia izango du zalantzarik gabe datorren edizioan, Donostiak 2016ko europear hiriburutza kulturala partekatzen baitu Wroclaw hiriarekin. Beraz, eta poloniarrek esaten duten bezala, “Sto lat! (100 urtez bizi dadila!)”