single

Gaur hasiko da Donostian 52. Heineken Jazzaldia

0

Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter eta Macy Gray egitarauaren izar distiratsuenak dira

52. Heineken Jazzaldia gaur inauguratuko da, Zurriolako hondartzan, 22:30ean, Poem of a Cell obraren mundu mailako estreinaldiarekin. Irudi- eta soinu-ikuskizun berebiziko hori Stefan Winteren produkzio handinahi bat da. Ospetsua da Winter soinu-artista gisa eta Winter & Winter zigiluaren bitartez ekoitzi dituen jazzeko disko zoragarriengatik.
Poem of a Cell aldi berean hiru pantailatan proiektatzen diren edertasun harrigarri eta irudimentsuko hiru filmez osatutako ikuskizuna da. Proiekzioa 60 musikari baino gehiagoren zuzeneko musikarekin osatzen da. Guztiak jazzetik, musika klasikotik, etnikotik eta koraletik datozen artista nabarmenak dira.
Donostian eskainiko den Poem of a Cell ikuskizuna obra osoaren mundu mailako estreinaldia izango da. Filma uztailaren 16an proiektatu da Zanzibarren, huraxe baita filmatu den tokietako bat, baina ez du zuzeneko musikarik izan.

Distira handiko edizioa
Itxura guztia dauka 52. Heineken Jazzaldia bere historia luzeko edizio distiratsuena eta ikusgarriena izango dela. Poem of a Cell lanaren mundu mailako estreinaldiaz gainera, Jazzaldiak hainbat artista handiren joaldiak eskainiko ditu: Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi, Abdullah Ibrahim, Donny McCaslin, Lucky Chops, Robert Glasper, Fantastic Negrito, Cory Henry, Chano Domínguez, Sir The Baptist…

105 emanaldiren egoitza izango diren 17 agertokitan garatuko da Jazzaldia; emanaldien hirutatik bi baino gehiago doan izango dira.

Charles Lloyd, 2017ko Donostiako Jazzaldia Saria
52. Heineken Jazzaldiak Charles Lloyd saxofoi-jotzaile handiari emango dio aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Lloydek bere laukote berriaren buruan joko du, uztailaren 22an, Trinitate plazan.

Heineken Jazzaldiaren Spotify zerrenda ofiziala
Heineken Jazzaldia 2017 playlist-ean (https://play.spotify.com/user/mmartin2009/playlist/7uVIwKyrAYQ8KgCjM2O7ZH) entzun dezakezue jaialdian parte hartuko duten artista guztien musika. Zerrenda hori erabilgarria da hedabideentzat, bereziki ikus-entzunezkoentzat, baina baita publiko osoarentzat ere.

Sarrera salmenta
52 Heineken Jazzaldirako sarrerak hurrengo webguneetan eros ditzakezue: www.heinekenjazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus/sarrerak