single

HASIERA BIKAINA

0

Chano Domínguez Trío001©lolo vasco_55 Jazzaldia

Charlie Parkerri bere jaiotzaren mendeurrenean egindako omenaldi ederraz gozatzeko prest  zalez lepo zegoen Victoria Eugenia Antzokian hasi genuen eguna.  Perico Sambeatek, lau musikari bikainekin batera, 1953an Torontoko Massey Hallen grabatu zen kontzertu historikoaren berrinterpretazioa eskaini zigun, beboparen grabaziorik onenetakotzat jotzen dena.
Arratsaldean ireki ziren Kursaaleko terrazak; giro ezin hobea zegoen bertan, eta ikusleria pozik, itsasoaren ondoan zerbait hartuz musika lasaiaz gozatzen. Aurreko egunean, asteartean, Randy Greerrekin zabaldu genuen terrazetako eremua eta musikari berak itxi zuen programazioa atzo. Tartean Connection Trio Connection Trio, Around Midnight eta Jaso – Gimenez – Escrich Trioz gozatu ahal izan genuen jaialdiaren aire zabaleko agertokietan.

 

Arratsaldean ere, baina Victoria Eugenia Antzokian, Linak eta Raül Refreek, dena emanda, fadoaren ikuspegi berezia eskaini ziguten: entzuleak liluratu zituen elektronika sotil eta dotorea. Sakontasunez eta sentimenduz beteriko kontzertua izan zen, elektronikoa eta kirrinkarik gabea. Antzokiko publikoa bere egin zuten. Linaren ahots eder koloretsuaren, sintetizadoreen eta Refreeren pianoaren uztarketak areagotu egin zuen halako ahots bikaina entzuteak berez sortzen duen zirrara.
Eguna gure eszenatoki enblematikoenean amaitu genuen, Trinitate plazan, Jazz egun biribil bati amaiera eman zioten benetako bi mirarirekin, bakoitza bere estiloan. Saioa luxuzko laukote batekin hasi zen: Colina, Carmona, Serrano eta Barrueta. Laurek beren Veinte veinte proiektua interpretatu zuten, askatasunez eta intuizioz beteriko kontzertua. Colina, beti bezala, magistrala; Serrano txundigarria bere harmonikarekin; Carmona bikaina; eta Barrueta beti irribarretsua bere bateriarekin ahalik eta gehien gozatzen.

Lehen kontzertuaren ondoren Miguel Martín Jazzaldiaren zuzendariak Rafael Aguirre gogoratu zuen, hil berri den Jazzaldiaren lehen urteetako zuzendaria. Ondoren, Donostiako Jazzaldia Saria eman zion Chano Dominguezi, eta hunkituta, eskerrak eman zizkion Jazzaldiari eta, batez ere, plazan zeuden zaleei. Horrela hasi zen Trinitate plazako bigarren kontzertua, Chano Domínguez Trío, kalitatea eta artea borborka. Chano pianoarekin eta hirukotea osatzen Horacio Fumero kontrabaxuan eta Davis Xirgu baterian.

Ez ditugu ahaztu nahi beren etxeetatik Victoria Eugenia Antzokiko eta Trinitate plazako kontzertuak jarraitu zituzten pertsona guztiak. Jazzaldiak streaming bidezko kontzertuak eskaini zituen lehen aldia zen eta harrera beroa jaso zuen. Komentario asko jaso genituen sare sozialetan, eta eskerrak eman zizkiguten kontzertuez plaza berean baleude bezala gozatzeko aukera emateagatik.