single

Jazza euripean

0

Sin-título-1

Arratsaldeko 8etan ekaitz handi bat lehertu zen Donostia gainean. Ordubete geroago, 9etan, ateri zen jada, eta Trinitate Plazako kontzertua puntuan hasi ahal izan zen, beti bezala, Santa Mariako erlojuaren kanpai-dangadak entzutearekin batera. Plaza ikus-entzulez beteta zegoen, antolakuntzak emandako zirak soinean zituztela.

Azkenean, guztiak pozik irten ziren. Izan ere, Donny McCaslin Quintet, lehen zatian, eta Maria Schneider & Ensemble Denada, bigarrenean, protagonista zituen kontzertua Jazzaldiaren azken urteotako zirraragarrienetakoa izan zen. McCaslin, indar betean eta musikari bikainez inguratua, jazz garaikideko balio seguruenetako bat dugu dagoeneko. Ensemble Denada talde norvegiarrak, berriz, oso ongi elkar hartzen duen formazioa izateaz gainera, distira handiko bakarlariak ditu; eta guztien buruan, zuzendaritza-, konposizio- eta moldaketa-lanetan Maria Schneider baldin badute, emaitza paregabea da.

Kursaal Auditorioan, Joe Jacksonek oso goitik ekin zion kontzertuari. Beldurrik gabe, trapezista on batek bezala. Hainbat ikus-entzulek intentsitate horri nola eutsiko ote zion galdetu zion bere buruari. Alferrikako galdera. Berrogei urteko karrera eta hogeita bat disko ez dira kasualitatez egiten. New wave delakoaren asmatzailea bazara, reggaetik, jumpetik eta rhythm’n’bluesetik igaro eta jatorrizko furfuriara itzuli bazara –alegia, Joe Jackson–, ez zara goi horretatik hori eta horrenbestez eroriko.

Goshu ondo Japoniako dantza tradizional bat da. Erritmo horretan oinarriturik, Eri Yamamoto pianista delikatuak musika-pieza polit bat eraiki du jazzeko hiruko eta koruarentzat. Hirukoa Yamamoto berarena da, zeinak ezin hobeki elkar hartzen baitu. Abesbatza, berriz, hemengoa, Easo abesbatza beteranoa, guztiz errespetatua eta txalotua hala etxean nola atzerrian. Gorka Mirandaren zuzendaritzapean, abesbatza oso ongi konpondu zen Eri Yamamotorekin, zeinak, instrumentista handia izateaz gainera, hurbiltasun handia erakutsi baitzuen. Ikuskizun atsegina eta hunkigarria izan zen Victoria Eugenia Antzokia bete zuen publikoarentzat.

Zaharak gitarra samur eta ahots liluragarriko kantautore gisa hasi zuen bere karrera. Orain Zahara rockeroaren aroan gaude, haren konposizio berriak eraginkortasun handiz plazaratzen dituen banda baten buruan. Zahara intimistak entzulea maitemintzen zuen, Zahara rockeroak xarmatu egiten du. Jarraitzaile ugari bildu zitzaizkion Agertoki Berdera.

Gero, Bartzelonako Dorian taldea igo zen oholtza berdera. Espainiako musika-agertokietako erreferentziako talde bilakatu da, eta nazioarteko karrera arrakastatsua darama, new wave eta musika elektronikaren artean mugituz. Kataluniarren ikuskizuna oso indartsua da musika eta estetika aldetik, eta hondartzan bildutako publikoa oso pozik geratu zen.

Egun biribila izan zen, euririk ezean gogoangarria izango zatekeena. Kursaaleko terrazetako emanaldi batzuk bertan behera utzi behar izan ziren, baina programaren bizkarrezurra normaltasunez garatu zen: bai Trinitate Plazak eta bai Agertoki Berdeak ongi funtzionatu zuten, baita esparru itxietako kontzertuek ere, jakina: Victoria Eugenian, Kursaalen eta San Telmon, non, bide batez esanda, Paul San Martinek eta Lluís Colomak piano-duo zoragarria eskaini baitzuten.