single

JAZZALDIAREN 56. EDIZIOAK CHUCHO VALDÉS ETA LA LOCOMOTORA NEGRA SARITUKO DITU

0

01Chucho Valdés WEB.

UZTAILAREN 21ETIK 25ERA EGINGO DEN DONOSTIAKO JAZZALDIAK 60 KONTZERTU ESKAINIKO DITU HIRIKO 8 AGERTOKITAN

Aurtengo Jazzaldiak goi-mailako artista ugari izango ditu eta hiriak berriro Jaialdi bikain batez gozatzeko azken prestakuntzak egiten ari da.

8 agertoki egongo dira: Trinitate Plaza Keler, Kutxabank Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Škoda San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Guuk Gunea, Chillida Leku eta Kutxa Kultur Tabakalera. Bertan 60 kontzertu emango dira; horietatik 29 doakoak izango dira, 4 familientzat Txikijazzen barruan, eta 8 JazzEñe-renak —aurten Jazzaldiaren barruan egingo den Jazz espainiarraren lagina— izango dira.

Gainera, Jazzaldiarekin batera, aurten Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloaren bosgarren edizioa egingo da. Zikloak 7 film eskainiko ditu, non zinemaren eta Jazzaren arteko harreman bikainez gozatu ahal izango den.

Sariak:

Donostiako Jazzaldia sariak Jazzari eskainitako bi ibilbide luzeri esker ona adierazteko emango dira, bata bakarkakoa, Chucho Váldés musikariari; eta bestea taldekoa, La Locomotora Negra taldeari.

Dionisio Jesus Valdes Rodriguezek, Chucho Valdes bezala ezagunagoa denak, Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du, bere aitak, Bebok, jaso eta ia hogei urtera; edizio hartan, aitak eta semeak kontzertu gogoangarri bat eman zuten, 38. Jazzaldian.

La Locomotora Negra Kataluniako eta Espainiako Jazz talde beteranoenetako bat da. Aurten, bere 50. urteurrenarekin batera, big band honek agertokietara azken aldiz igotzea erabaki du, eta Jazzaldiak taldeak egindako ibilbidea aitortu eta eskertuko dio Donostiako Jazzaldia Saria emanez.

Streaming:

Kontzertuetara hurbildu ezin duten Jazz-zale guztiei eskuragarritasuna eta gozamena errazteko, Donostiako Jazzaldiak 18 artistaren kontzertuak streaming bidez emango ditu doan. Trinitate Plaza Keler-en emango diren 9 kontzertu eta FCC Victoria Eugenia Antzokian —aurten bertan egingo da JazzEñe-ren VII. edizioa— emango diren kontzertu guztiak jarraitu ahal izango dira. Streaming-erako sarbidea gure webgunearen, gure app-aren eta Youtubeko gure kanalaren bidez egongo da eskuragarri.

Babesleak:

Donostiako Jazzaldiak Frigo, Coca-Cola, Kutxabank, Škoda, Kutxa Fundazioa, El Diario Vasco, SGAE Fundazioa, Katapulta Tour eta abarren babesa izaten jarraitzen du.

Eta aurten hiru babesle berri gehitu dira:

-Lehenik eta behin, gure babesle nagusia, Keler, Trinitate Plaza enblematikoari izena emango diona. Aurten Trinitate Plaza Keler deituko da.

-Bestetik, Guuk, Kursaaleko terrazetako gure agertoki bati izena emateaz gain, gaurtik aurrera deskargatzeko prest egongo den eta Jazzaldiaz gehiago eta hobeto gozatzen lagunduko digun APP bat garatzeaz arduratu dena.

-Azkenik, FCC, jasangarritasunean gure kolaboratzailea izango dena eta bere izena Victoria Eugenia Antzokiari emango diona —Jazzaldian zehar FCC Victoria Eugenia Antzokia deituko da—.