single

Maisuen eguna

0

cecileMcLorin eta maryStallings Trinitatea

Hussain maisua. Holland maisua. Potter maisua. Horrela deitzen zioten elkarri Dave Holland, Zakir Hussain eta Chris Potter-ek. Errespetuz, miresmenez eta estuki elkar harturik. Halaxe dira, izan ere. Maisuak beren instrumentuekin, jazzaren ikuspegian eta konposizioan. Baita entzuleak txundituta uzten ere.

Cécile McLorin Salvant-i oraindik ez dago maistra deitzerik. Oraindik ez. Gazteegia da. Baina horrela jarraitzen badu, tinbre txundigarriko ahots-erregistro horri eusten badio eta hain interpretazio zirraragarriak egiten baditu –Alfonsina y el mar-en bertsioa gogoangarria izan zen– ez zaizkio gurtzaileak faltako hurrengo belaunaldietan.

Cécile McLorin Salvant berak, aurreko abeslari handiei dien zorra aitorturik, Trinitate Plazako oholtzara igoarazi zuen Mary Stallings, elkarrekin blues bat kantatzeko. Stallings-ek kontzertu zoragarria emana zuen eguerdian Victoria Eugenia Antzokian, jazzeko abeslari klasikoek berezkoa duten dotorezia eszeniko horrekin. Heineken Jazzaldiak, merezi baino askoz gutxiago ezagutzen den kantari honen kategoria aitortu nahirik, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria eman dio, zeinak bizi osoko karrera musikala saritzen baitu.

Brad Mehldau pianistak aspaldi eskuratu zuen Bikaintasun Artistikoaren Masterra. Eboluzionatzen jarraitzeko eta sentsibilitate eta lirismo maila berrietara iristeko duen ahalmenak harriturik uzten ditu oraindik bere jarraitzaileak, eta esan behar da asko direla, Kursaal Auditorioa bete-bete egin baitzen.

Mikel Erentxun dugu beste maisu bat, bidea erakusten duen norbaiti, eta urteak joan eta gero, ikasleek txeraz eta miresmenez gogoratzen dutenari hala deitzerik baldin badago. Horixe ari da gertatzen Erentxunekin, gero eta musikari gehiagok onartzen baitute haren apainkeria gabeko pop-rockaren eragina. Duela hogei edo hogeita hamar urteko haren abesti asko oraindik bizi-bizirik daude. Agertoki Berdean eman zuen kontzertua gozamen hutsa izan zen haren betiko publikoarentzat eta, zergatik ez esan, Erentxunek eta bere banda sendoak ere primeran pasatu zuten.

Izan ziren maisu gehiago ere: Rabih Abou-Khalil, laute-jotzaile birtuosoa, eta Dennis Alcapone eta Dawn Penn, duela 50 urte Londresko Trojan diskoetxeak mundu guztian ezagun egin zuen reaggae-ren ordezkariak.

Hainbeste maisu-maistrarekin eta ikus-entzule hain gogotsuekin, egun handia izan zen 53. Heineken Jazzaldiko hirugarren hau.