single

Mitoak agur esan zigun

0

joan-baez-web

44.000 pertsona bildu ziren atzo Zurriola hondartzako Agertoki Berdean folkaren dama handia entzuteko. Mitoak, legendak erakartzen ditu agertoki horrek. Bertatik pasa diren artisten zerrenda distiratsua da oso: Bob Dylan, Patti Smith, B.B. King… Baezek berak adierazi bezala, bera ikusteko azken aukera zen gainera; izan ere, Fare Thee Well Tour birarekin agur esango die kontzertu handiei. Eta gogoan iltzatuta geratuko zaigu. Bere ibilbideko abesti esanguratsuenak eskaintzeaz gain, Mikel Laboaren Txoria Txori eta No nos moverán ereserkia kantatu zituen bertako entzuleen gozagarri. “Ondo ibili” gisa itzuli daitekeen Fare The Well kantuarekin esan zuen agur. Eta guk ere gauza bera opa diogu: “Agur, Joan, izan ondo” .

Jamie Cullum ez da mito bilakatu oraindik. Gaztea da, baina etengabe gorantz doan ibilbideari eutsiz gero, ziur bihurtuko dela mito. Donostiarrek asko maite dute eta hirian eman dituen kontzertu guztiak bikainak izan dira. Atzokoa ere halaxe izan zen. Bertaratu ziren 53.000 entzuleak harrapatu zituen lehen minututik eta bi orduz izan zituen kateatuta. Bukaera txundigarria izan zen, bat-bateko maitasun kantu bat eskaini zion Donostiari eta I’ve Got You under My Skin abestiarekin lotu zuen.

Jazz Band Ball-ean, hasierako eguneko festan, publikoa izan zen protagonista. Batetik bestera zebilen, Kursaal inguruko kontzertu eskaintza askotarikoaz gozatzen.

Harrera beroa egin zioten Love & Revenge: Music and Cinema from the Arab World ikuskizun bitxiari. Musika-tresna arabiarrak erabilita, abangoardiako musika jo zuten aspaldiko film egiptoarren irudiekin uztartuz.

Ohi bezala, estilo ugaritako musika izan zen Jazz Band Ball-ean. Dan Barrett Classics Jazz All Stars eta Saxophone Con-Clave taldeek jazz klasikoa eskaini zuten. Mikel Azpirozek gidatzen duen Elkano Browning Cream taldeak proposamen berritzaileagoa ekarri zuen: groove fresko eta dantzagarria.

Jostari, libre, aritu zen Rei gitarra-jotzaile eta abeslari japoniarra. Japoniako blues-poparen figura berria da musikari gaztea eta diskoetxe handi batek fitxatu berri du. Gitarra indartsuaz lagunduta, emanaldi dibertigarri eta gustagarria eskaini zuen. Etorkizun oparoa du aurretik.

Ola Onabulé kantari anglo-nigeriarrak soularen jaun dotorea dela erakutsi zuen eta emozio eta birtuosismo handiko zuzenekoa oparitu zuen.