single

ROSKOW, 58 JAZZALDIAREN KARTELAREN EGILEA – NFTn DAGOENEKO ESKURAGARRI

0

Roskow artista donostiarra da Donostiako 58 Jazzaldiaren kartelaren egilea. Free Jazz izenburua duen kartelari beste hiru ilustraziok laguntzen diote, Jazzaldian zehar hiria dekoratuko duten bandera gisa erabiliko direnek. Kartelaren eta bandera bakoitzaren 58 kopia dagoeneko eskuragarri daude NFT formatuan erosteko.

Roskowk 2017ko Jazzaldiaren kartela sortu zuen lehendik; Trinitate plazako kontzertu bat irudikatzen zuen ilustrazio bat.
Sei urte geroago, bera da berriro kartelaren egilea, baita osagarri dituen hiru ilustrazioena ere.

Kartelerako ideia duela urte batzuk Roskowk egindako pintura txiki batetik abiatzen da; paper gaineko apunte bat, Kursaaleko kuboak erakusten zituena, emakume baten irudiarekin aurrealdean. Geroago, artistak erabaki zuen emakumea saxofonista izango zela, eta perkusionista bat eta baxu bat gehituko zizkiola banda osatzeko. Kontzeptua sinplea da: Jazz trio bat iluntzean kalean jotzen, festa edo elkarraldi antzeko batean, Victoria Eugenia Antzokiaren sarreran. Bertan, entzuten ari den publikoa suma daiteke. Hondoan, Jazzari hain estu lotutako gau giroaz blaitua, kartelaren benetako protagonista ageri da, hiria alegia, zubia eta Kursaal bertan direla.

Kontakizun honi darion fikzioaren eta errealitatearen arteko kutsu hori nabarmentzeko, eta banderak beste era batekoak izateko, Roskowk hiru ilustrazio gehiago egin ditu. Horietan, banan-banan ageri dira musikariak, photocall moduan posatzen, zubia eta Kursaal atzealdean dituztela.

Roskow

Fernando Huarte Campiónen goitizen artistikoa da Roskow; artista donostiar hau hirian bizi da eta bertan lan egiten du. Bere “operazio-zentrotik”, Egia auzotik, zuzendu, taxutu eta burutzen du bere lan artistikoa, auto produkzio eta sormen independentziaren filosofiari jarraituta: mihise gaineko pintura, grabatua, ilustrazio digitala, estanpazio serigrafikoa… dira bere baliabideak.

Eskulturan jaso zuen prestakuntza 1980ko urteetan, Donostia, Sevilla, eta Madrilgo La Palmako Arte Aplikatuetako eskoletan. Hala ere, bere obra gehiena piktorikoa da, eta sarraldiak ere egin ditu grabatuan, ilustrazioan, disko eta liburuetako azaletan, eta kartelgintzan.

Roskowren pinturek eta grabatuek berezko estiloa dute, oso antzemangarria, eta ilustrazioan, komikian eta 80 eta 90eko urteetako punkaren eta olatu berriaren ikonografian inspiratuta daude. Horrekin batera aipatzekoa da bere zaletasuna Erdi Aroko artearekiko, arte erromanikoarekiko, pintura gotikoekiko, Flandriako eskolarekiko eta XX. mendeko abangoardietako pinturekiko. Bere inspirazio-iturri nagusietako bat Donostia da, “asko ematen duen hiria da”, dio: “Donosti margotzea gustatzen zait, bere arkitektura batez ere”.

Orain, Lance&Malone ilustratzaile, argazkilari eta artista taldearekin partekatzen du lan egiten duen lekua. Eta erakusketa handi bat prestatzen ari da Arteko galeriarako, zeinarekin urteak daramatzan lanean.

Bestetik, Roskowk musikaren arloa ere lantzen du; nahiz eta azalagotik, oso gustuko izan eta asko disfrutatzen duena. 1980ko hamarkadan hasi zen guztia, Elásticos izeneko talde batekin; ondoren, Rígidos izan ziren, eta azkenik, Los Hormigones. Gaur egun ere hainbat eta hainbat abesti konposatzen, grabatzen eta interpretatzen jarraitzen dute.

Roskowren obra plastikoa hemen aurki daiteke: www.roskow.com
Musikaren arloan egin duen lana, hemen: www.loshormigones.com

 

NFT

Jazzaldiaren edizio honetako kartelaren eta banderetako bakoitzaren 58 kopia eskuragarri daude dagoeneko bildumagile eta zaleentzat. Lau obrak eurotan eros daitezke, bakoitza, edo % 20ko deskontuarekin lauak eskuratuta. Kanpaina honetan argitaratutako NFT originalak erosten dituen pertsona bakoitzak ordainsari gehigarri bat izango du: bi sarrera dohainik eskuratzeko eskubidea, Roskow bera lider den Los Hormigones taldearen kontzertu baterako; Donostiako 58 Jazzaldian emango da kontzertua, oraindik zehaztu gabeko lekuan, datan eta orduan.

Horri buruzko informazio guztia gure webgunean kontsultatu ahal izango da. Bertan, NFT bat zer den eta nola funtzionatzen duen jakiteko argibideak eta informazioa ematen dira gainera.

Hala, NFT formatuko iazko kartelak izan zuen arrakastaren ondoren, bigarren pausoa eman dugu teknologian honen erabileran, berari esker zerbitzu bat ematen baitiegu mota honetako artelanak —formatu digitalean eta ziurtatuak— eskuratu eta bildu nahi dituztenei.

Prozesu hau sortu eta martxan jartzeko Bakarts enpresarekin aritu gara lankidetzan. Kartelak bere webgunean daude salgai: (https://bakarts.io/). NFT hauen sortze-prozesurako blockchain Polygon sarearekin lan egin dugu. Sare honen teknologiari esker energia-kontsumoa izugarri murrizten da transakzioetan eta NFTak sortzeko prozesuetan. Plataforma honekin NFT bat sortzeko behar den energia-kontsumoa kreditu-txartel batekin transakzio bat egitearen baliokide da.

Iturria: https://blog.polygon.technology/polygon-the-eco-friendly-blockchain-scaling-ethereum-bbdd52201ad/