single

ARTISTAK

Diana Krall

0

Foto Web Jazzaldia 900x500 Diana Krall

Diana Krall azken hamarkadetako Jazzaren artista ezagunenetako bat da. Bere fintasunak pianoan, bere ahots iradokitzaileak, tonu intimista eta erromantikoak, bere dotoreziak… ospearen goren unera eraman dute. Izan ere, gure garaiko artistarik ospetsuenetako bat da, ez bakarrik Jazzean, baita pop kulturan ere. Ahotsa eta pianoa uztartu dituzten artista handien eragina jaso du Krallek: Carmen McRae, Fats Waller, Sarah Vaughan, Roberta Flack, Nat King Cole, Dinah Washington, Shirley Horn, Aretha Franklin…

Diana Krall Nanaimon jaio zen, Kanadako Columbia Britainiarreko hiri txiki batean. 4 urterekin hasi zen pianoa jotzen eta 15 urte zituela aritzen zen jotzen bertako jatetxe batean. 20ko eta 30eko hamarkadetako teklatuaren maisuak ─Fats Waller, James P. Johnson eta Earl Hines tartean─ sakonetik ezagutzen zituen pianista zen bere aita, eta hark bultzatu zuen Diana musikan bete-betean aritzera. Beka bat jaso zuen Berklee College of Music ospetsuan trebatzeko, eta 1993an bere lehen diskoa argitaratu zuen, Stepping Out. Harrezkero, maisutasunez konbinatzen ditu konposizio berriak edo propioak estandarren berrikuspenekin eta Jazzaren eta herri-musikaren obra betierekoekin, eta beti erakutsi du arreta handia bere errepertorioa lantzeko orduan.

Krall, 1997an Jazzaldian lehen aldiz aritua, Jazzaren ikono bat da, 15 milioi disko baino gehiago saldu dituen izarra, mundu erdia miretsita duena bere talentu itzelarekin, bere musika sotil eta dotorearekin, bere ahots leun eta erakargarriarekin, eta pianoa jotzeko bere modu magistral eta teknika bikainarekin.