Euskal jazzak presentzia garrantzitsua izan ohi du Heineken Jazzaldian eta horrela izango da 51. edizio honetan ere. Tokiko zenbait artista zuzenean kontratatu ditu antolakuntzak eta beste batzuk hautatze-prozesu bat igaro ondoren programatu dira.
Ohi bezala, hasteko, urtarriletik apirilera arteko hautatze-prozesutik ateratako 11 taldeak daude, 2015ean diskoa argitaratu zutelako programatutako 5 taldeak, eta Musikenek proposatutako beste 3ak.
Aipatutako hautatze-prozesuari sostengu berezia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, prozesu horren bitartez, Heineken Jazzaldiak parte hartzen du Katapulta plataforman, zeinaren xedeak honako hauek diren: Gipuzkoako talentu gazteei bultzada bat ematea musikaren eta arte eszenikoen eremuan, eta gure lurraldeko eszena-aktibitateak dinamizatzea arloko klubei eta erakundeei sostengua emanez.
Gainera, beste talde bat haren kalitatea aintzat hartuta programatu da: Rural Zombies, goraldi meteorikoa izan duen pop-rockeko taldea. Jazzaldiko agertoki nagusi batean jardungo du: Heineken Agertoki Berdean.
Guztira, bada, 20 euskal talde eta bakarlarik hartuko dute parte Jazzaldian. Programazioa itxi aurretik, DJ batzuk eta, agian, beste talderen bat ere gehituko da.