single

ARTISTAK

Marco Mezquida: Tornado

0

Mezquida Foto Web Jazzaldia 900x500

Marco Mezquida (pianoa), Masa Kamaguchi (kontrabaxua), Ramon Prats (bateria)

Marco Mezquida pianista eta konpositore menorcarrak, 36 urterekin, lan eta errekonozimendu ugari ditu dagoeneko, artista askorentzat bizitza osoko lana izango litzatekeena. Mezquida kultuzko musikaria da nazioartean, inprobisatzaile eta moldatzaile aldabera, pianista birtuosoa eta kamaleonikoa, eta konpositore inspiratua eta bikaina.

Mezquidak hogei disko baino gehiago grabatu ditu lider gisa, eta berrogei baino gehiago proiektu askoren sideman edo kolaboratzaile gisa. Ezin konta ahala kontzertu eman ditu mundu osoan zehar izen handiko auditoriumetan eta jazzaldietan, besteak beste Tokio, Londres, Bartzelona, Buenos Aires, Hong Kong Arts Festival eta, nola ez, Jazzaldian.

Musikari moldakorra da Mezquida, herri-musika eta musika kultua naturaltasunez bateratzeko gaitasuna duena. Hala, estilo askotako musiken uztartze berezi bat da berea: Jazza, inprobisazio askea, musika erromantikoa, inpresionista, barrokoa, garaikidea, popa, folklorea, flamenkoa…

Bere ibilbide labur bezain jorian abeslari gailenekin elkarlanean aritu da, haien artean Sílvia Pérez Cruz, Salvador Sobral, Andrea Motis, Noa, Carme Canela eta Celeste Alíasekin, baita Jazzaren figura handiekin ere, tartean Lee Konitz, Dave Liebman, Bill McHenry, Elliot Zigmund, Jorge Rossy, Billy Hart, Perico Sambeat, Giulia Valle, Gorka Benítez, Giulia Valle Group, Gonzalo del Val Trio, Michael Olivera Group, Guillermo McGill, Julián Sánchez…

Aipagarriak dira, baita ere, bere piano solo kontzertu goraipatuak. Kontzertu horietan gorenera eramaten du inprobisatzaile eta konpositore gisa duen askatasun sortzailea, eta agerian uzten ditu musikarekiko duen grina eta pianoarekin duen harreman berezia, piano soloan zuzenekoetan eta estudioan grabatutako bere bost diskoek erakusten duten bezala.

Jazzaldiaren edizio honetan Marco Mezquidak bere azken lana aurkeztuko digu: Tornado (2023). Lan autoeditatu bat da, bi lagun zahar eta maiterekin egina eta haientzat pentsatua: Masa Kamaguchi kontrabaxuan eta Ramon Prats baterian. Musika, konexio eta bizipen istorio luzea partekatzen du haiekin eta hori ondo islatuta geratzen da lan honetan: erregistro ugariko musika, kontrastez betea, hiru nortasun musikal oso adierazkor eta sendoek sortua. Momentu biziak intentsitate introspektibo eta intimoagoko uneekin txandakatzen dituen musika.