single

ARTISTAK

Youn Sun Nah

0

Foto Web Jazzaldia 900x500 Youn Sun Nah

Youn Sun Nah (voz), Eric Legnini (pianoa, teklatuak), Tony Paeleman (piano, teklatuak)

Youn Sun Nahren ahotsa hunkigarria da, ñabardura, tinbre eta kolorez betea, bere sustrai korearrak eta eragin musikal askotarikoak direla eta. Ezaugarri horiei esker ugariak dira adierazten dituen emozioak, eta abeslari berezi bihurtzen dute, beste abeslari batzuekin nekez konpara daitekeena. Abeslari korearra inprobisatzaile aparta da eta hainbat hizkuntzatan ─koreera, ingelesa, gaztelania, portugesa eta frantsesa─ abesteagatik ere bereizten da.

Youn Sun Nah 1969ko abuztuaren 28an jaio zen, Seulen, ahotsa eta musika maite dituen familia batean. Aita koru zuzendaria zen eta ama abeslaria. 23 urterekin hasi zuen bere ibilbidea musikan, Koreako Orkestra Sinfonikoarekin. Ondoren, Koreako musikaletan parte hartu zuen, eta hainbat sari jaso zituen haiengatik. Frantziako kultura eta kanta maite ditu; hala, 1995eko udazkenean Parisera bidaiatu eta bertan ezartzea erabaki zuen Jazza eta kanta frantsesa ikastera. Izan ere, musika estilo honekiko joera berezkoa duela ezagun du 1996-1997an Parisko klubetan abesten hasi zenetik. Harrezkero, etengabe aritu da lanean eta arrakastak biltzen; dozena bat disko grabatu ditu, sari ugari jaso ditu eta mundu osoko jaialdi eta agertoki onenetan aritu da.

Jazzaldiaren 59. edizioan Youn Sun Nahek Elles diskoa aurkeztuko du, 2024ko urtarrilaren 26an argitaratuko dena. Aspalditik nabarmentzen da estilo anitzak jorratzeko eta era askotako artisten abestiak, tartean Tom Waits, Jimi Hendrix, Marvin Gaye edo Metallicarenak, interpretatzeko duen gaitasunagatik. Eta, oraingoan, Ellesen, Youn Sun Nahek bere ibilbidea markatu duten emakumeen ahotsak omentzen dituzten bertsio sorta bat eskaintzen digu: Nina Simonetik hasi eta Roberta Flackeraino, Björk, Maria João, Sarah Vaughan, Grace Jones edo Edith Piaf tartean.

Jon Cowherden lan sotil eta sormen handikoak babestua, Youn Sun Nahek xarmaz berrasmatzen ditu estandar zaharrak eta berriak, musikaren garai eta mugetatik harantz generoak zeharkatuz.