single

57. JAZZALDIAK PUBLIKOAREN SARIA IRABAZI DU

0

SimpleMindsWeb

Kontzertu handiak, topaketak eta besarkadak Jazzaldiaren historiako ediziorik jendetsuenetako bat ospatzeko

57. Jazzaldiak bere publikoa berreskuratu du, eta programatutako kontzertu guztietan jendetza elkartu da aurtengoan. Guztira 150.000 pertsona bertaratu dira eta 14 agertokiak bete egin dira askotan. Entzuleek kalitate musikal bikaineko kontzertuekin gozatu dute, gure oroimenean betiko geratuko diren emanaldi asko eta edukiera osoa izan dugun edizio honetan. Gainera aurtengo Jazzaldian hondartzako agertokia (Keler Gunea) berriz ireki dugu, Kursaaleko terrazek ere euren giroa berreskuratu dute (Frigo Gunea eta Fnac Gunea), Nauticool berriro ireki dugu…

Jazzaldiak publikoaren erantzuna eskertu nahi du, eguraldi onarekin batera esparru guztiak betetzeaz gain, beste urte batez, portaera eredugarriarekin eta inolako gorabeherarik gabe egin direlako ekitaldi guztiak. Hiria musikaz gainezka egon da sei egunez, eta 79 kontzertutan jai giroa, ospakizun giroa eta berrelkartzeak nagusitu dira.

Kalitate artistiko eta musikalaren bikaintasuna orokorra izan da, eta Jazzeko eta beste genero batzuetako izar handiek kontzertu gogoangarriak eskaini dizkigute. Horietako batzuk aipatzearren, honako hauek azpimarra genitzake: Simple Minds, 42.000 pertsona bildu zituena Keler Gunean; Mulatu Astatke, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuena; Hiromi, Trinitate Plazan soka laukote batek lagunduta; Iggy Pop, 75 urterekin, Kursaal Auditorioa irauli zuena; Vintage Trouble, mundu guztia hondartzan dantzan jarri zuena; Craig Taborn, Skoda San Telmo Museoan bere inprobisazio txundigarriekin; Marco Mezquida & Juan de la Rubia, Victoria Eugenia Antzokian bere maisutasun apartekoarekin; Herbie Hancock, Kursaal Auditorioan, historian Jazz musikaririk onenetarikoa dela frogatuz…

Trinitate plaza

Aurten, edukiera osoa berreskuratuta eta zenbakidun eserlekuei eutsita, 8 kontzertu egin dira Trinitate plazan, eta 4 egunetatik 3tan sarrera guztiak saldu dira.

Trinitate Plazako lehen egunean, uztailaren 22an, Hiromik, hari laukote batek lagunduta, kontzertu magistral bat eskaini zuen. Lehenago, M¡ho Hazama Musikene Summer Big Band-a zuzentzen hasi zen, gau japoniar bikaina osatuz.

Hilaren 23an, Steve Coleman & Five Elements taldeak beraien jarraitzaileen memorian geratuko den kontzertua eskaini zuten. Ondoren, Louis Cole lotsagabe eta ganberroak kontzertu berezi bat eskaini zigun.

24an, Amina Claudine Myersek, aurretik Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuenak, 50eko hamarkadako gospel talde beltzei egindako omenaldia eskaini zuen. Hurrengo kontzertuan Ben Lamar Gay ameslari, espiritual eta konplexua entzun ahal izan genuen.

Trinitate plazako kontzertuekin bukatzeko Lakecia Benjamin saxofoi jotzailea izan genuen, Alice eta John Coltrane-ek konposatutako abestiak berrinterpretatuz. Eta edizio honen azken puntua Diana Krall-ek jarri zuen, zeinak publiko leial baten aurrean, bere ahots, piano eta interpretatzeko moduarekin, bere hurbiltasun eta maitasun sentimendua erakutsi zion publikoari, esparruari eta hiriari; berarentzat Europako onenak diren publiko, esparru eta hiria.

Kursaal Auditorioa

Kursaaleko auditoriuma egunero bete da, uztailaren 24a izan ezik, bertan, 1800 pertsonako edukiera osotik 400 sarrera geratu ziren saldu gabe.

Kursaal Auditorioak kalitate artistiko handiko eta estilo anitzeko 5 kontzertu hartu ditu. Calexicok, lehen egunean, publikoa berotu zuen bere mugako musikarekin. Gregory Porterrek, bere ahots handiarekin, berriro ere argi utzi zuen munduko Jazz abeslaririk onenetako bat dela. Iggy Popek, nekaezin, jendez gainezka zegoen Auditorioa erabat irauli zuen, hasiera-hasieratik publikoa zutik jarrita, kontzertu ahaztezina eskaini zuen, gogoan iltzatuta geratuko zaiguna. 24an Yann Tiersen-en txanda izan zen, ikus-entzunezko muntaia ikusgarri batekin eta bere Electronic Set kontzertuarekin. Eta amaitzeko, 25ean, Herbie Hancock maisu handiak, Jazzaren historian handienetako bat dela erakutsi zuen eta bere ibilbide osoko kantu bikainenetako asko errepasatu zituen.

FCC Victoria Eugenia Antzokia

Aurten, aurrekoan bezala, FCC Victoria Eugenia Antzokiak hartu du JazzEñeren zortzigarren edizioa. Kontzertu guztietara, batez beste, 650 pertsona bertaratu dira, eta kalitate handiko 8 musika proposamenez gozatzeko aukera izan dute: Oreka TX, Chico Pérez, Verónica & Javier Sánchez, Carlos Sarduy Quartet, Moisés Sánchez, Daahoud Salim Quintet, Berta Moreno eta Ernán López-Nussa.
Hilaren 25ean, JazzEñetik kanpo, eta antzokia ia beteta zegoela, Marco Mezquida eta Juan de la Rubia aritu ziren, eta lau eskutara, pianoan eta organoan, Bachen piezak berrinterpretatu zituzten kontzertu guztiz magistral batean.

Keler Gunea

Aurten, hondartzako agertoki handia berreskuratu ahal izan dugu, azkenean, eta bederatzi kontzertu bikainez gozatu ahal izan dugu. Uztailaren 20an, Simple Minds gogoz aritu zen 40 urteko ibilbidea ospatzeko, eta ikusleek ederki eskertu zuten, milaka pertsona bilduz. Hilaren 21ean, Mulatu Astatkek, aurtengo Donostiako Jazzaldia sarietako batek, kontzertu hipnotiko eta gogoangarri bat eskaini zuen, eta, ondoren, Curtis Hardingek entzuleak liluratu zituen bere “slop ‘n’ soul”-arekin. Uztailaren 22an, The Excitements taldeak bere soul eta R ‘n’ B indartsua astindu zuen, eta, jarraian, hondartza dantzan jarri zuen Carolina Durantek bere punk pop fresko eta jai-girokoarekin. Hilaren 23an, This Is The Kit taldeak indie-folk bikainarekin gozarazi zituen zaleak, eta, haien ostean, Vintage Troublek hondartza dantzan jarri zuen berriz ere, 2014ean egin bezala, bere soul gitarreroarekin. Ty Taylor abeslariak bihotza eta arima eman zituen, hareara salto eginez eta entzuleen artean abestuz. Uztailaren 24an Pillow Queens boteretsuek eta León Benaventeren zuzeneko itzelak itxi zuten Keler Guneko egitaraua, izugarrizko festarekin.

Skoda San Telmo Museoa

Aurten piano kontzertuen formatua errepikatu dugu San Telmo Museoko klaustroan. Inolako anplifikaziorik gabe, museoko klaustroa bezalako leku magikoan, pianoaz gozatzeko aukera eskaintzen duten edukiera txikiko kontzertuak.
Lau piano-jotzailek, guztiak ere maila oso altukoak, bost kontzertu eman dituzte: Vadim Neselovskyi ukrainarrak Odesa Suite jo zuen, Txernobil Elkartearen aldeko ongintzazko kontzertuan; hilaren 24an, Craig Tabornek bere mundu propioan murgildu gintuen kontzertu boteretsu batekin, zeina erabat inprobisatua izan baitzen; hilaren 23an, Sofiane Pamartek konposizio propioak jo zituen, zale amorratuz betetako entzuleriaren aurrean; eta 24ean eta 25ean, miresten dituen musikagileen piezez osatutako bi egitarau ezberdin interpretatu zituen Benny Greenek.

Frigo Gunea eta Fnac Gunea

Terrazetan estilo eta jatorri askotariko taldeak bildu ziren. Euskal taldeen ordezkaritza zabal batek, jaialdiko Tokiko Taldeen Aukeraketaren bidez hautatuak, euskal jazzak bizi duen une bikainaz jabearazi gintuen: Carla Sevilla 5tet, Horda, Eva Alcaide, Musika Eskola Big Band, Caligrama, Trío Zemí, Gregario de Luze, Aldapeko Basque Latin Jazz, Hirukote, Swingin ‘Bayonne. KatapultaTour zirkuitu gipuzkoarraren (Mikel Moreno, Kyxo, Teko Maisin eta Rumbing Lips) eta nazioarteko artista ospetsu eta bikainen proposamenak ere izan ziren: Sharon Clark, The International Classic Jazz All Stars, Bruce Barth Trio + Terell Stafford, Federico Buccini & Jemma Label eta Atrisma.

Nauticool, Fnac Foruma eta Garbera

Gure chill out guneak, Nauticool izenekoak, soul, hip hop eta musika elektronikoa uztartzen dituen J-Silk bikote frantziar-ingelesaren kontzertuak hartu ditu. Fnac Forumak, berriz, Nat Simons eta Èlia Bastida & Joan Chamorro kontzertuekin bat egin zuen. Eta Garberan bost kontzertu egin dira, bi kanpoan eta 3 barruan. Broken Brothers Brass Band, Patáx, The Excitementes, Sara Mansilla eta Bruce Barth Trío taldeek emanaldi bana eskaini zuten agertoki berri horretan.

Txikijazz

Txikijazz indartsu itzuli da hamargarren edizioa ospatzeko, eszenatokiak eta ikusleak bikoiztuz eta haurrentzako tailerrak berreskuratuz. Uztailaren 21etik 25era, Arima Soul, Carla Sevilla 5tet, Swingtronics, Lucia Fumero, Les Fous eta Travellin ‘Brothers taldeek musikaz gozatzeko prest zeuden familia ugari erakarri zituzten. Chillida Lekuk Txikijazzen eszenatoki berri gisa egindako estreinaldiak arrakasta handia izan zuen; 700 pertsona baino gehiago bildu zituen. Garberan, merkataritza-gunera hurbildu zirenek kalitate handiko 5 kontzertuz gozatu ahal izan zuten. Fnac Guneko Swingtronics-en amaiera-jaia ikaragarria izan zen. Taldea eszenatokitik jaitsi eta dena emanda zegoen publikoarekin dantzan bukatu zuen.

Sarrera salmenta:

Salgai jarri ziren 21.051 sarreretatik 18.601 saldu dira, hau da, % 88. Erosketak mundu osoko 37 herrialdetatik egin dira.
Esparruka, guztizkoaren gaineko salmenta-ehunekoak honako hauek dira:

– Škoda San Telmo Museoa: 1.330 sarrera salgai. 773 sarrera saldu dira (%58)
– FCC Victoria Eugenia Antzokia: 3.395 sarrera salgai. 3.047 sarrera saldu dira (%90)
– Kursaal Auditorioa: 8.870 sarrera salgai. 8.203 sarrera saldu dira (%92)
– Trinitate Plaza: 6.056 sarrera salgai. 5.413 sarrera saldu dira (%90).

 

Streaming-ak etasare sozialak

Edizio honetan 14 kontzertu eman ditugu streaming bidez, doan, eta eskuragarri daude Youtubeko gure kanalean.

Sare sozialetan 39.400 jarraitzaile ditugu.

Webgunea

Ekainaren 26tik uztailaren 26ra:

-92.000 erabiltzaile

-426.000 bisita

-1.200.000 gertaera

-1´47″ batez besteko denbora

Azken 12 hilabeteetan (2021/06/26 – 2021/07/26):

-202.000 erabiltzaile

-799.000 bisita

-2.200.000 gertaera

-1´24″ batez besteko denbora

58 Jazzaldia ( 2023):

2023an uztailaren 21etik 25era egingo da Donostiako Jazzaldia, berrogeita hemezortzigarrena eta dagoeneko ari gara prestatzen eta lantzen.