single

BAMBA WASSOULOU GROOVE MALIARRAK ETA ARIMA SOUL GIPUZKOARRAK 58 JAZZALDIAN

0

 

Los malienses Bamba Wassoulou Groove y los guipuzcoanos Arima Soul se incorporan al 58 Jazzaldia

 

Bamba Wassoulou Groove

1.- Bamba Wassoulou Groove WEB

Maliko taldeak, Bamba Dembelé zenduak 2013an eratuak, Afrikako autentikotasun sakona eta zintzoa transmititzen du bizitasun handiko gitarra-joko elektriko baten bitartez, bambara tradizioa XXI. mendera ekartzea helburu. Emaitza berdinik ez duen musika da, gainezka egiten duen energia, berealdiko erritmoa eta izugarrizko ahalmen hipnotiko, kiskalgarri eta sentsuala, poz giro zoragarria sorrarazteko gai diren gitarra elektriko sutsuekin, espiral amaigabe batean uztartutako erritmo errepikakorrekin eta melodia sinple eta eranskorrekin.

Bamba Wassoulou Groovek Europako bira bertan behera utzi duen Ladysmith Black Mambazo ordeztuko du, hilaren 25ean, 20:00etan Trinitate Plazan, Joss Stoneren kontzertuaren aurretik.

Arima Soul

Arima Soul WEB

Arima, “soul” ingelesez, horixe da egiten dutena: Soul, Rhythm & Blues, Funk, 60’s eta 70’s hamarkadetako Jazz-Groovea, baina estilo horien korronte garaikideenean begirada jarrita, Neo Soulean, alegia. Taldea DJ eta baxu Makalak eta ahalmen handiko ahotsa duen Lidia Insaustik sortua da, eta ondoren elkartu zitzaien Paul San Martín teklatuetan eta Gorka Gaztanbide baterian.

Beren zuzenekoetan, euskaraz abestutako pieza propioak jotzeaz gain, Soularen figura adierazgarrietako batzuen bertsioak interpretatzen dituzte, besteren artean aipatzekoak Etta James, Curtis Mayfield, Marie “Queenie” Lyons, Gil Scott-Heron…

Arima Soul taldeak doako kontzertu bat eskainiko du Pere Bujosaren ordez, uztailaren 21ean, 21:00etan Nauticoolen.

Sarrerak eta itzulketak:

Trinitate plazan uztailaren 25erako programatua zegoen Ladysmith Black Mambazoren eta Joss Stoneren saio bikoitzerako dagoeneko erositako sarrerek automatikoki balio dute Bamba Wassoulou Grooveren eta Joss Stoneren saio bikoitzerako, eroslearen aldetik ezer egin beharrik gabe.

Aitzitik, diruaren itzulketa egitea nahi izanez gero, uztailaren 15era arte egin daiteke eskaera, hiru aukera hauen bitartez:

-Presentzialki, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan (ordutegia: 11:30-13:30 eta 17:00-20:00)

-Telefonoz: 943 48 18 18 edo 943 48 11 50

-Posta elektronikoz: dksarrerak@donostia.eus