single

Hiru emakume-ahots bikain gehitu dira Heineken Jazzaldiaren programara: Joan Baez, Silvia Perez Cruz eta Martirio

0

Joan-Baez-BUENA

Joe Jackson, Atomic, Moppa Elliott, Charles McPherson eta Houston Person ere etorriko dira, aurrez iragarritako guztiekin batera

Sarrerak otsailaren 21eko eguerditik aurrera erosi ahalko dira

54. Heineken Jazzaldiak berebiziko hasiera izango du: mundu mailako bi izar izango ditugu Heineken Agertoki Berdean, uztailaren 24ko arratsean.

Joan Baez, inolako zalantzarik gabe, Herri Musikako mitoetako bat da. Folkeko ahotsik errespetatuena izan da bere ibilbide guztian. Bere agurreko biran dator. Ikus-entzule uholde batek omenaldi berezia egingo dio Zurriolako hondartzan. Kontzertu gogoangarria izango da.

Eta agertoki berean arituko da, aurrez iragarri genuen bezala, Jamie Cullum, jazzeko ahots ospetsu eta txalotuenetako bat. Haren karisma, indarra eta ahots imitaezina direla eta, programazio onenetara ekarri nahi izaten den artista da. Cullumi gustatzen zaio Donostia, eta Donostiak gogoko du Cullum. Amodioa ez da eten.

Izen gehiago gehitu zaizkie lehendik iragarrita zeudenei: Silvia Perez Cruzek, Toquinho brasildar gitarrista eta abeslaria eta Javier Colina nafar kontrabaxu-jotzailea lagun dituela, emango die amaiera, uztailaren 28an, Trinitate Plazako kontzertuei. Houston Person eta Charles McPherson saxofonista beteranoak ere Trinitate Plazan izango ditugu, zein bere taldearen buruan, uztailaren 27an eta 28an.

Martirio abeslariak eta Chano Dominguez pianistak duela gutxi grabatu dute disko bat Bola de Nieve kubatar musikari paregabearen konposizioei omen eginez. Donostian aurkeztuko dute, eguerdiko saio batean, Victoria Eugenia Antzokia – Skoda Gunean.

Joe Jackson izango da, bere azken diskoaren aurkezpeneko kontzertuan, Kursaal Auditorioa – Kutxabank Guneko protagonistetako bat.

Atomic eskandinaviar taldea, duela hamar bat urte Kursaaleko Terrazetan eskaini zituen hiru emanaldietan hain inpresio ona utzi zigun hura, bere bertsio ondu eta handituarekin datorkigu, Norvegiako Trondheim Jazz Orchestrako 8 musikari gehitu baititu taldera. Gaur-gaurkoz, europar jazzeko supertaldea dugu Atomic.

Moppa Elliott baxu-jotzaileak lideratu du Mostly Other People Do the Killing taldea bere sorreratik. MOPDtK–laburtzearren– taldea XXI. mendeko banda freskoen, berritzaileen eta definitzen zailenetako bat da. Bere talde berriarekin datorkigu orain Moppa, Unspeakable Garbage, rockeko talde baten energia guztiarekin eta taldekideek bermatzen duten kalitatearekin, horien artean baitira Jon Irabagon saxofoi-jotzailea eta Ron Stabinsky pianista (biak MOPDtK-eko kideak).

Eta jakina, jada ezaguna den John Zornen presentzia, bere Bagatelles Marathon deituetan lagunduko dioten 30 musikariekin. Aipatutako “maratoi” horiek Kursaal Auditorioa – Kutxabank Gunean entzun ahal izango dira hilaren 27an eta 28an: 14 banda izango dira guztira eta taldekideen artean daude Mary Halvorson, Marc Ribot, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen, Trevor Dunn eta Kris Davis.

Diana Krall Trinitate Plazan izango dugu, bai eta Maria Schneider, Donny McCaslin, eta Joshua Redman ere, Still Dreaming izeneko bere taldearen buruan; Neneh Cherryren Heineken Agertoki Berdeko emanaldia ere berretsita dago.

Duela gutxi aurkeztu da Japonia: Pianoa eta Gitarra izenburuko zikloa, non izango baititugu Eri Yamamoto, bere hirukoarekin eta Easo Abesbatzarekin; Ai Kuwabara pianista, bakarka eta The Project-ekin; Fox Capture Plan hirukoa; Rei abeslari eta gitarrista; eta Yuki Arimasa pianistak eta Ryo Ogihara gitarra-jotzaileak osatutako duoa. Kontzertu horietatik gehienak, Eri Yamamoto pianistaren Goshu Ondo salbuetsita, sarrera librekoak izango dira.

Gaur bertan, otsailaren 21ean, jarriko dira sarrerak salgai Jazzaldiaren www.heinekenjazzaldia.eus webgunean eta Donostia Kulturaren www.donostiakultura.eus/sarrerak helbide elektronikoan.

Abonu bat erosi ahal izango da Trinitate Plazako emanaldi guztietarako, eta beste bat Kursaal Auditorioa – Kutxabank Guneko lau saioetarako. Bi Bagatelles Marathon deituetara joan nahi dutenek eta Auditoriorako abonurik erosi nahi ez dutenek, bi ikuskizunetarako sarrerak erosteko aukera izango dute % 10eko deskontuarekin.

Victoria Eugenia Antzokiaren txarteldegietan eta Donostiako FNAC-en ere erosi ahal izango dira sarrerak eta abonuak.