single

Kalitate artistiko gorena eta entzuleen harrera sutsua erdietsi ditu 53. Heineken Jazzaldiak

0

AÑO QUE VIENE

Aurtengoan izarrak lerrokatu dira eta itzelezko artista mordoa izan dugu 53. Heineken Jazzaldian. Horrexegatik, zaila da bakar batzuk nabamentzea. Azken urteetako ediziorik borobilenetakoa izan da musikari dagokionean eta entzuleriak gogotsu erantzun du, beste behin ere.

Ordainpeko eta doako kontzertuek 171.500 pertsona bildu dituzte. 153.000 izan dira doako emanaldietan eta 18.500 ordainpekotan.

Kontzertu batzuk gogoan iltzatuta geratuko zaizkigu. Trinitate Plazan uztailaren 27an bizi izan genuena ez zaigu berehalakoan ahaztuko. Erabat bat eginda eta sormenaren puntan ikusi genituen Dave Holland, Zakir Hussain eta Chris Potter maisuek lezio ederra eman ziguten. Gauaren bigarren zatian, erabat sorgindu gintuen Cécile McLorin Salvant kantariak. Ahots xarmagarria du, teknika menperatzen du, eta sentikortasuna eta alaitasuna borborka dario. Eta Trinitate Plazako entzuleriak, liluratuta, gogoz txalotu zuen.

Uztailaren 29ko emanaldia ahaztezina izango da. Bikain amaitu genuen jaialdia. Arratsaldean, Kursaal Auditorioan, Gregory Porter-ek Nat “King” Cole-n kantuak eskaini zituen, Arkaitz Mendozak zuzendutako Orkestra paregabeak lagunduta. Kontzertu hunkigarria izan zen, barruraino iristen zaizun horietakoa. Porter-ek ilea laztu zigun oraingoan ere, baina kasu honetan Nat “King” Cole handiaren kantuak bere eginda. Gauean Yann Tiersen-en txanda iritsi zen, piano emanaldi fin eta dotorea. Trinitate Plazan Chick Corea gure lagun zaharrak, John Patituccik eta Dave Weckl-ek osatutako hirukotea akustikoan aritu zen, elkar ulertze erabatekoan, dena emanda. Curtis Stigers kantaria puntaren puntan dabil eta entzuleak jakitun dira. Lehen nota abestu orduko poltsikoan sartu zituen.

Kursaal Auditorioko egitarauak lau hitzordu eskaini zituen: Caetano Velosok bere semeekin eskainitako emanaldi goxoan haien etxean bagina bezala sentitu ginen; Brad Mehldauk zale amorratuenak ere harritu zituen; Kenny Barronek bip bop dotore baino dotoreagoa eskaini zuen, Gregory Porterrek Nat “King” Cole bere ahotsaren bidez biziberritu zuen eta Yann Tiersenek piano hutsezko emanaldi borobila eman zuen.

Mary Stallings kantariak, umiltasun osoz, jaso zuen Donostiako Jazzaldia Saria. Kantari ona ez dela esan zigun, baina istorioak bihotz-bihotzez kontatzen dituela. Berak hala uste ez duen arren, jazzaren historiaren parte da eta ondo merezita, gainera. Cécile McLorin berak Stallings-en jarraitzaile zela aitortu zuen eta Triniko oholtzara gonbidatu zuen berarekin blues bat abestera. Aurretik Victoria Eugenia Antzokian emanaldi beroa eskaini zuen Stallings-ek, handikeriarik gabea. Eta arrazoi du, barru-barrutik, bihotzetik, kantatzen du; zin dagigu.

Michel Portal baionarrak ere Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen jaialdiaren azken egunean eta bi kontzertu eskaini zituen: bata hiruko formatuan Vincent Pairani eta Émile Parisienekin eta bestea Parisien-en Sfumato proiektuko gonbidatu gisa. Portal euskal jazz musikari aitzindaria da, eragin handikoa Frantziako eta Europako jazz zirkuituan, jazz free-a Europara ekarri zuen lehen musikarietakoa.

Iñaki Salvadorren taldeak omenaldi hunkigarria eskaini zion Mikel Laboa euskal kantautore bakan eta apartari, bere heriotzaren hamargarren urtean. Halaber, Victoria Eugenia Antzokiak bi proposamen berezi hartu zituen, ekialdeko eta mendebaldeko musika uztartzen dituzten Rabih Abou-Khalil laute-jotzailea eta Naïssam Jalal nay (txirula)-jotzailea.

Agertoki Berdean jai giroa nagusitu zen eta jendetza bildu zen. Festa lehertu zen Rubén Blades panamarrarekin. Saltsa munduan zehar ezagutarazi duen kantariak hondartza bere egin zuen, erritmo beroz. Too Many Zoos-ek musika urbanoagoa, garaikidea, etenik gabea eta probokatzailea ekarri zigun. Izaro euskal musikako izar berria da, apala bezain liluragarria. Gary Clark Jr.-ek argi utzi zuen bluesa duela zainetan. Azken urtean ezustekoa eman du Morgan talde espainiarrak eta halaxe utzi zuen Zurriola hondartzako entzuleria: aho bete hortz. Mikel Erentxunek bidea urratu du espainiar pop-rockean eta argi utzi zuen aurretik bide luzea duela. Anna Calvi sailkaezina da eta ez ditu sailkapenak maite.

Patri Goialde Musikeneko jazzaren historia irakasleak konferentzia bat eskaini du egunero San Telmo Museoan. Duke Ellington, Billie Holiday, Charlie Parker eta Charles Mingus izan ditu hizpide eta segidan kontzertu eder bana izan da bost egunez: Conrad Herwig, Carlos Martín, Chris Kase eta Andrzej Olejniczak.

Helburua aise bete da Kursaaleko terrazetan, Nauticool-en eta Alderdi-Eder-eko Skoda Gunean: askotariko kontzertuak izan dira eta jende ugari bildu dute, giro ezin hobean. Alderdi Ederrek Trojan Sound System-en, Dennis Alcapone-ren eta Dawn Penn-en agerraldiak hartu zituen, Trojan reggae diskoetxearen 50. urteurrena ospatzeko.

Jaialdi borobila izan da, aho-zapore gozoa uzten duenetakoa. Bukatu dugu, baina hurrengoan pentsatzen gaude dagoeneko. Datak jarrita daude: 2019ko uztailaren 24tik 28ra izango da.