single

EUSKAL JAZZAREN MAGIA

0

Iñaki Salvador RP_002_© lolo vasco

Jazzaldiaren bigarren egunean dena primeran atera zen eta euskal Jazza izan zen protagonista. Atzoko hiru kontzertu nagusiek hemengo musikariak izan zituzten protagonista: Iñaki Salvador, Oreka TX eta Michel Portal.

Eguna goiz hasi zen, 11: 00etan. San Telmo Museoko klaustroan aurten izango diren hiru piano kontzertuetatik lehenarekin gozatzen ekin genion egunari. Bojan Z. piano-jotzaile bikainak kontzertu dotorea, zirraragarria, berritzailea, indartsua eskaini zuen, leun eta samurra era berean. XVI. mendeko klaustroaren edertasunagatik txundituta geratu zen musikari balkaniarrari barru-barrutik ateratzen zaio musika eta izugarrizko indarrez jotzen du. Eta ikusleek gogoz erantzun zuten, txalo-zaparrada luzearekin.

Horrelako hasiera batekin ez zen erraza mailari eustea, baina Anja Lechnerrek eta François Couturierrek  ederki lortu zuten eguerdian Victoria Eugenia Antzokian eskaini zuten kontzertuan. Kontzertu intimoa izan zen, kutsu klasikokoa, baina inprobisaziorako leihoak zabalik zituena. Aparteko emaitza lortu zuten, kontzertu dotore eta zoragarria.

Kursaaleko terrazetan jende ugari bildu zen, itsasoaren ondoan trago bat hartu eta lau talde presturen musika entzutera. Eta Tabakaleran familiek ederki pasatu zuten The Binilo’s ikusten, Txikijazzen zortzigarren ediziorako programatutako lau kontzertuetatik lehena

Euskal musikariek hartu zuten goizeko artisten lekukoa. Lehenik, Kursaalen, Iñaki Salvador donostiarrak Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariaren eskutik. Salvadorrek, hunkituta, bere anaia zaharrenari eskaini zion saria, eta eskerrak eman zizkion jaialdiari, saria beragatik ez ezik, bere existentziagatik. Salvadorren esanetan, ziurrenik Jazzaldirik gabe bera ez baitzen jazz musikaria izango.

Saria emanda, kontzertua Iñaki Salvadorrek berak bakarrik hasi zuen, ondoren Chano Domínguez etorri zen, “Nota musikalez, olerkiz eta amaitu gabeko zatitxoez” osatutako pieza zoragarri bat oparitu ziguna. Eta une horretatik aurrera, aspaldiko bi lagunen arteko “tenis partida” hasi zen, non bi piano-jotzaileek bataren eta bestearen piezak interpretatu zituzten, batzuetan duela 20 urte elkarrekin lan egin zuteneko gaiak eskainiz, beste batzuetan konposizio berriekin, baina beti ere biek elkar ulertzen eta komunikatzen duten eremu horretan.

Eguna amaitzeko, bi euskaldun gehiago Trinitate plazan, Oreka TX eta Michel Portal. Oreka TX-ekin hasi zen saio bikoitza, oholtza gainean energia izugarria zabaldu zuena eta musikaz beteriko kontzertu bat eskaini zuena, non bertako eta kanpoko sustrai folklorikoak bere eremura eramaten ziren, tradizioa eta berrikuntza txalapartarekin uztartuz. Oreka TX taldearen kontzertuaren amaiera gisa, Michel Portal agertokira igo zen, eta elkarrekin, Baionako musikaria buru zutela, inprobisatzen hasi ziren. Emaitza indar eta freskotasun zoragarrikoa izan zen, euskal Jazzaren magia.

 

Gaua Michel Portal New Quinteten kontzertuak itxi zuen, Portal beste lau muisikariz iguratua egonzen,  aurretik aipatutako Bojan Z. Pianoa jotzen, Nils Wogram tronboiarekin, Bruno Chevillon kontrabaxuarekin eta Jeff Ballard bateriarekin. Euskal jazzaren dekanoak bere kalitatearekin eta bikaintasunarekin liluratuta utzi gintuen berriz ere, euskal Jazza gailendu zen egun perfektuari amaiera emanez.