single

Stefan Winter-en Poem of a Cell ikuskizun berritzaileak inauguratuko du uztailaren 20an 52. Heineken Jazzaldia

0

Poem of a Cell 4

Obra osoaren mundu mailako estreinaldia da. 60 musikari baino gehiagok joko dute zuzenean filma proiektatzen den bitartean.

52. Heineken Jazzaldia uztailaren 20an inauguratuko da, Zurriolako hondartzan, 22:30ean, Poem of a Cell obraren mundu mailako estreinaldiarekin. Irudi- eta soinu-ikuskizun berebiziko hori Stefan Winteren produkzio handinahi bat da. Ospetsua da Winter soinu-artista gisa eta Winter & Winter zigiluaren bitartez ekoitzi dituen jazzeko disko zoragarriengatik.
Poem of a Cell: Triptych of Love and Ecstasy aldi berean hiru pantailatan proiektatzen diren edertasun harrigarri eta irudimentsuko hiru filmez osatutako ikuskizuna da. Proiekzioa 60 musikari baino gehiagoren zuzeneko musikarekin osatzen da. Guztiak jazzetik, musika klasikotik, etnikotik eta koraletik datozen artista nabarmenak dira.
Hor izango dira, adibidez, Uri Caine, Mark Helias, Clarence Penn, Barbara Walker, Joachim Badenhorst, Fumio Yasuda, Rajab Suleiman, Saada Nassor, Fanny Winter, Kettwiger Bach Ensemble eta Forma Antiqva.

Uztailaren 20an Zurriolako hondartzan 22:30ean eskainiko den Poem of a Cell ikuskizuna obra osoaren mundu mailako estreinaldia izango da. Filma uztailaren 16an proiektatuko da Zanzibarren, huraxe baita filmatu den tokietako bat, baina ez dute zuzeneko musikarik izango.
Ikuskizun honetan, mundu guztiko 250 musikari inguruk interpretaturiko lanak entzungo dira, hala grabazioetan nola zuzenean: jazzeko izen gailenak –Uri Caine, Clarence Penn, Mark Helias, Barbara Walker, James Genus, Nguyên Lê edo Ben Perowsky–; talde klasikoak – Forma Antiqva, Exaudi Vocal Ensemble, Kettwigger Bach Ensemble edo St. Joseph katedraleko Santa Zezilia abesbatza–; Zanzibarko zenbait musikari –Mtendi Maulid Ensemble, Saada Nassor eta Raab Suleiman– edota sailkatu ezin daitezkeen abangoardia musikaleko beste hainbat sortzaile: Joachim Badenhorst, Alan Bern, Ichiro Hosoya, Fabio Nieder, Cologne Percussion Quartet, Ernst Reijseger eta Fumio Yasuda.
Poem of a Cell 138 minutu irauten duen soinu eta irudi sekuentzia bat da eta hiru amodio olerki sentsualetan oinarritua dago: hebrearren bibliako Tanakh liburuko Kantarik Ederrena; Matilde Magdeburgokoa
zistertar lekaidearen Jainkotasunari darion argia; eta Basorako Rabi’a andrazko sufiaren Jainkozkoarekin bat. Hiru poemak Judaismoa, Kristautasuna eta Islama senidetzen dituen –eta beren arteko diferentzia guztiak gainditzen dituen– gai batean oinarrituak daude: maitasuna, estasia eta, azken finean, jainkozko maitasunarekin bat egitea.