single

Zaharak, Belakok eta Dorianek osatuko dute Heineken Agertoki Berdeko programazioa non protagonismoa irabazi baitute artista gazteek

0

Zahara

Aurrez iragarritako Joan Baez, Jamie Cullum, Stinus Vidal, Neneh Cherry eta Nøgen dira hondartzako agertokian ariko diren beste izar handiak

Heineken Agertoki Berdeko programa –Donostiako Zurriolako hondartzan kokatuko da, 54. Heineken Jazzaldiaren barruan– osatuta geratu da hiru kontzertu handirekin: Zaharak, Belakok eta Dorianek emango dituztenak, hain zuzen. Aurrez iragarritako izar handiekin bat egingo dute horrela: Joan Baez, Jamie Cullum, Stinus Vidal, Neneh Cherry eta Nøgen.

Guztien emanaldiak doan izango dira ikus-entzuleentzat. Heineken Jazzaldiak, horrela, figura handien presentzia eskaintzeko tradizioari eusten dio, ikusleari xentimorik kostatu gabe. Horien artean izango dira mundu osoan ospetsu diren artistak, hala nola Joan Baez, bere agurreko bira egiten ari dena; Jamie Cullum, gaur egungo jazzeko erreferentziako jeinuetako bat; eta Neneh Cherry, berritzailea, ikusgarria, beti proiektu berrien bila dabilena.

Heineken Agertoki Berdeko programak gaur egungo Heineken Jazzaldiaren zenbait ezaugarri ematen ditu aditzera. Lehenengoa, talentu gaztearen aldeko apustua. Zaharak egundoko fama irabazi du eta jaialdi entzutetsuenak borrokatzen dira hura ekartzeko. Belakok nazioarteko ospea du jada eta Nøgen bide beretik doa. Dorianen goranzko joera geldiezina da. Guztiak dira gazteak, talentu ikaragarrikoak eta etorkizun oparoa dute aurretik.

Bigarren ezaugarria, gero eta ugariagoak eta emankorragoak diren artista femeninoen sustapena. Joan Baez aitzindaria izan zen, bideak ireki zituen eta askoz geroago ernetzen ari den hazia erein zuen. Heineken Agertoki Berdeko ia emanaldi guztietan emakumeek funtsezko papera jokatzen dute, bai beren taldeetako lider gisa edota formazioetako kide nabarmen modura.

Hirugarren ezaugarria, euskal musikariei ematen zaien sostengua eta bultzada, Agertoki Berdea bezalako nazioarteko erakusleiho batean programatzearen bitartez, ez baita ahaztu behar milaka eta milaka ikus-entzule biltzen direla bertara. Zentzu horretan, uztailaren 27ko emanaldia –lehen partean Nøgen izango dugu, eta bigarrenean Belako–, gogoangarria izango da euskal pop-rockaren maitaleentzat.

Azkenik, Agertoki Berdean hauek ere, denboraldi honetako proposamen erakargarrienetako bat: Stinus Vidal izenaren pean elkartuko diren Jaime Stinus donostiar gitarrista handia –Orquesta Mondragón ezagunaren sortzaileetakoa– eta Xavi Vidal abeslaria, katalanez abestutako rockaren aitzindarietako bat.

 

HEINEKEN AGERTOKI BERDEA

Sarrera doan

 

Uztailak 24, asteazkena

20:45. Joan Baez: Fare Thee Well… Tour 2019

23:30. Jamie Cullum

 

Uztailak 25 , osteguna

21:00. Zahara

23:30. Dorian

 

Uztailak 26 , ostirala

21:00. Stinus Vidal

23:30. Neneh Cherry

 

Uztailak 27, larunbata

21:00. Nøgen

23:30. Belako