single

KELER GUNEA, ANIZTASUNA ETA KALITATEA ZURRIOLA HONDARTZAN

0

8 kontzertu dohainik: Village People + Fred Wesley & The New JBs + Tiken Jah Fakoly + Viva Suecia + Arde Bogotá + Ezra Collective + Blue Lab Beats + ZETAK

Aniztasuna da Keler Guneko programazioaren ezaugarri nagusia Donostiako 58. Jazzaldiaren barruan. Aniztasuna estiloetan: funk, disco, reggae, Jazz, indie pop-rock eta elektronika. Aniztasuna artisten jatorrian: europarrak, afrikarrak eta amerikarrak. Eta aniztasuna belaunaldietan: talde eta artista emergenteak —Ezra Collective, Blue Lab Beats, ZETAK eta Arde Bogotá—, ospetsuak —Tiken Jah Fakoly eta Viva Suecia— eta legenda beteranoak —Fred Wesley eta Village People— izango baititugu.

Agertoki honi gure babesle nagusi KELERek ipini dio izena: KELER GUNEA. Eta, aurreko edizioetan bezala, hondartzan kokatuko da, Zurriola hondartzako morruaren kontra.

Bi kontzertu emango dira egunero, dohainik, uztailaren 21etik 24ra.

Uztailak 21

- Village People (20:45)

Festa eta dantza ziurtatuak daude Village Peoplerekin: pop musikaren historiako talde nagusietako bat. Milioika pertsonek ezagutzen dituzte errepika eranskorrez osatutako beren abestiak, eta belaunaldi batek baino gehiagok abestu eta dantzatu izan dituzte mundu osoan zehar.

- Fred Wesley & the New JBs (23:30)

Tronbonista estatubatuar handia, zalantzarik gabe, funkaren eta musika afroamerikarraren historiako konpositore eta moldatzaile onenetako bat da.

Bere musika garai guztietan gehien sanpleatu izan direnetako bat da eta, bere ibilbide luzean, Wesleyk musikari gailenekin egin du lan: James Brown (haren zuzendari musikala izan zen), George Clinton, Ike and Tina Turner, Ray Charles, Maceo Parker, Count Basie, Van Morrison, Earth Wind & Fire, Pee Wee Ellis, Vanessa Williams, The S.O.S. Band, Cameo, De La Soul, Curtis Mayfield, Usher,…

Uztailak 22

- Blue Lab Beats (21:00)

Ziurrenik Londresko Jazzaren bizitasun handiko eszenan nagusitzen diren sormena, freskotasuna eta sen berritzailea ondoen islatzen dituen bandetako bat. Jazzaren historiako maisulanek eta hip hoparen urrezko garaiko aitzindariek inspiratuta, NK OK eta MR DMek musika dotorea, urbanoa, modernoa, oso “coola” eta kalitate gorenekoa egiten dute.

- Viva Suecia (23:30)

Murtziako taldea melodia sendoengatik, letra sakonengatik eta gitarra epikoengatik bereizten da. Zuzenekoetan lortzen du Viva Sueciak bere bertute guztiak erakustea eta bere abesti guztien adierazkortasuna goren mailara eramatea. Hala, Rafa Valen ahotsak gidatuta, taldeak bere hit ugariak helarazten ditu agertokian; himnoak, beren jarraitzaileek batera abesten dituztenak, eta, inolako zalantzarik gabe, Zurriolako hondartza bete-bete egingo dutenak.

Uztailak 23

- Arde Bogotá (21:00)

Murtziako gazte hauek gaztelaniaz egiten duten rockak milaka zale erakarri ditu darion soinu indartsu eta irmoagatik. Beren letrak edukiz beteak daude; amorrua eta lotsagabekeria transmititzen dituzte, baina sedukzioaz, maitasunaz eta beren belaunaldiaren argi-ilunez ere hitz egiten dute. Ematen dituzten zuzenekoak talentuz eta indarrez josiak daude, Antonio García buruan dela; animalia eszeniko bat, mundu guztia dantzan eta abestietako bakoitza kantatzen jartzen dituena.

- Tiken Jah Fakoly (23:30)

Boli Kostako abeslari ikoniko, miretsi eta errespetatua da Tiken Jah Fakoly. Bere abestietan dub eta soukouss oinarriekin gurutzatzen da reggaea, eta instrumentu afrikar tradizionalak, besteak beste kora, ngonia eta balafoia berreskuratzen dira.

Letra konprometituak eta iraultzaileak dira bereak, bizitza gogorren, injustizien eta zorigaitzen historiak, baina, hala eta guztiz ere, eta kontraste moduan, erritmo alai batekin kantatzen ditu. Dantzatzeko moduko abestiak dira, hondamen guztien gainetik dirauen optimismoak blaituak.

Uztailak 24

- Ezra Collective (21:00)

Londresko boskote honen musika bizitzaren ospakizun bat da, energia positiboz betea eta erritmo dantzagarriez josia, non ezin konta ahala estilo eta eragin nahasten diren: Jazz, afrobeat, afrocubana, funky, salsa, grime, hip-hop, R&B, samba… Abagune ezin hobea talde honen bizitasuna, alaitasuna, magia eta sofistikazio multikulturala disfrutatu, dantzatu eta barreneraino sentitzeko, hondartzan. Gaurko Jazza!!!

- ZETAK (23:30)

2019an sortu zenetik ZETAKek, Pello Reparaz buruan, arrakasta handiko bi disko eta single ugari argitaratu ditu; milioika entzunaldi izan dituzte streamingen eta benetako hitak izan dira Euskal Herriko panorama musikalean. Izan ere, himno bihurtu dira belaunaldi oso batentzat: Zeinen Ederra Izango Den, Errepidean, Zoriontasuna… Pop elektronikoa, melodia eranskorrekin, euskaraz abestua.